«Inauterietako ilusio, gogo eta pasioa irudikatu nahi izan ditut»

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 9a, 09:02

'Icono universal' lanean betaurrekoak, sudurra eta bibotea jartzearekin nahikoa izan du inauterietako giroa irudikatzeko. Kartel horrek iragarriko ditu Gasteizko inauteriak.

Diseinu grafikoko ikasketak bukatu zituen Jon Ander Artolak (Amasa-Villabona, 1993). Herriko Santio festetako kartel lehiaketa bitan irabazi du eta aurkeztu eta lehen urtean irabazi du Gasteizko inauteritakoa.

Espero al zenuen saria?

Egia esan sorpresaz harrapatu ninduen. Villabonakoa irabazia daukat, baina hiri handi bateko lehiaketa irabaztea ez nuen espero. Pozik hartu dut berria.

Nola hautatu zuten zure kartela irabazle bezala?

Lehiaketa askotan lana aurkezten duzu eta epaimahaiak bakar batzuk aukeratu eta gero, jendeak internet bidez bozkatzen du. Horrekin ni ez nago erabat ados, pentsatzen baitut horrelako lehiaketa batean erabakia hartzeko irizpide batzuk eduki behar direla. 35 kartel aurkeztu dira Gasteizen eta kasu honetan epaimahai batek hautatu du nirea.

Zein elementu erabili dituzu kartela egiteko?

Nik kartel sinple bat egin nahi nuen. Lehen aldiz ikusten duzunean argi ikusi ahal izatea mezua. Hasi nintzenean pentsatzen nola errepresentatu inauteria maskara baten irudia etorri zitzaidan eta izenburuak dioen bezala, inauterien ikono bat aukeratu nuen: betaurrekoak, bibotea eta kolorea. Kolore gorri horrek transmititzen du inauterietan jendeak jartzen duen pasio, gogo eta ilusio hori. Esango nuke kartel minimalista dela, ilustrazioa eta kolorea konbinatuta. Gauza gutxirekin mezu argi bat transmititzea da kartelaren esentzia.

Diseinu ikasketak egin dituzu. Nola ikusten dituzu kartel lehiaketak?

Iaz bukatu nituen ikasketak. Hasi berriak gara mundu honetan eta lanerako gogo askorekin gaude. Gure izena edo marka jendearengana iristeko aukera ona da. Kaletik joan eta zure obra ikusteak ere satisfazioa ematen dizu.

Diru pixka bat ere bai. 

Bai. 1.500 euro emango dizkidate lehiaketa irabazteagatik.

Tolosako inauterien aurtengo bi kartelak ikusi al dituzu?

Badakit Tomas Hernandezek egiten duela urterokoa eta Box.A elkartetik egiten dutela alternatiboa. Biak daude ondo. Kartel alternatiboarena oso iniziatiba ona iruditzen zait jendeari parte hartzeko aukera ematen diolako.

Aurtengo inauteriak nola pasako dituzu?

Nik Gasteizen familia daukat eta txikitan joan izan naiz Gasteizko inauterietara baina Tolosakoak hain gertu izanda hemen geratzen naiz gehienetan. Aurten akaso gerturatuko naiz, baina gero Tolosara egingo dut buelta.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!