Finalaurreko oso erakargarriak geratu dira Pebeten

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 29a, 10:27

Amasa-Villabonan ostiralean eta larunbatean jokatuko dira partidak; Amezketan Aurrera Tolosak jokatuko du ostiralean, elkarteen arteko txapelketan.

Antton Pebeten Oroimenezkoa finalaurrekoetan da jada. Urte honen hondarrean, bi jaialdi eder antolatu dituzte Villabonako Bearzana pilotalekuan.

Ostiralean, 19:00etan hasita, bi partida izango dira. Lehenengoan, nagusien mailakoan, Prado eta Etchegoin, Urretabizkaia eta Santxezen aurka neurtuko dira. Lehen bikotea lehenengo partida oso txukuna jokatuta iritsi da finalaurrekoetara. Pradok, ezkerra izan arren, eskuin ederra eta bizitasun handia erakutsi zituen bere lehen partidan, eta Etchegoinen eskuinaz lagunduta, bikote arriskutsua osatzen dute. Urretabizkaia eta Santxez ordea ez daude bizitasun eta indar faltan. Astigarragako atzelaria maila bikaina erakusten ari da azken partidetan, eta Urretabizkaiak aukerak sortzeko ez du atzelari jotzaile baten beharrik. Beraz, partida irekia espero da.

Bigarren norgehiagokan, gazteen mailakoan, Anso eta Aizpuru Riol eta Cordonen aurka ariko dira. Aizpuruk bi esku bizi eta eder ditu, eta Anso, kontuan hartzeko aurrelaria da. Guztia beharko dute ordea aurkariei irabazteko. Riolek final-laurdenetan erakutsi zuen mailak hankaz gora jarriko lituzke asko. Bizkaitarrak partida bikaina jokatu zuen, eta atzean Cordonek min hartuta dagoen Arangurenen hutsunea beteko du. Cordon pilotari borrokalaria da eta bikote osoa burutuko dute hauek ere.

Larunbatean, 11:00etan hasita beste bi partida eder izango dira. Lehenengoan, gazteen mailakoan, Zubizarreta eta Mariezkurrena Alberdi eta Eskirozen aurka ariko dira. Zubizarreta bere mailako gazteen artean gehien nabarmentzen dena dela esan daiteke. Gutxi galdu eta tantoa erraz bukatzen duen aurrelaria da, eta Mariezkurrenak aurreko partidan erakutsi zuen maila erakusten badu, bikote orekatua osatuko dute. Aurkari izango dituztenak, ordea, ez daude begira egoteko. Eskirozek Diario Vasco irabazi berri du, eta lehengoan bezala Alberdik pilota aurrean hartzen badu ez du barkatzeko. Partida bikaina ikusteko aukera izango da.

Nagusien mailan, Santxok eta Arratibelek, Arrieta eta Azpitarteren aurka jokatuko dute. Santxoren bikotea Garmendia zen final-laurdenetan, baina larunbatean Zaldibarko finala jokatuko du eta ez da Villabonan izango. Horregatik, Arratibelek jokatuko du Garmendiaren ordez. Diario Vascoko finalean nahiz ez zuen bere mailarik eman, aukera bikaina du, aurrelari bikain batekin arantza hori ateratzeko. Santxo afizionatuen mailan txapel asko lortzen ari da eta aurrekoan ere maila bikaina erakutsi zuen. Guztiak beharko dituzte ArrietaAzpitarte hernaniarrei irabazteko. Arrietak aurreko partidan bi esku bizi eta eder dauzkala erakusteaz aparte, bukatzen ere asmatu zuen, eta atzean Aizpitarte bezalako atzelari seguru eta dotorea izanda, partida bikaina espero da.

Beti bezala, sarrera doan izango da eta saski eder baten zozketa egingo da.

OSTIRALEAN, AMEZKETAN

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketaren hirugarren final-laurdenak ostiralean jokatuko dira Amezketako Larrunarri pilotalekuan, 21:00etan. Aurrera Tolosak Ultzamako Buruzgainen aurka neurtuko ditu indarrak. Lau t'erdian, Elolak ordezkatuko ditu tolosarrak, Otxandorenaren aurka jokatuz. Bigarren partida, buruz burukoa, Sarasak eta Urretabizkaia ikaztegietarrak jokatuko dute, eta binakakoa, Astiz-Landiribarrek eta Tolosa Aurrerako Labaka eta Telletxeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!