Atrakzioak jarriko ditu Oria merkatari elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 16a, 12:33

Gabonetako kanpainaren barruan umeentzako jolasez gain, erakusleihoen lehiaketa eta kontsumo txekeen zozketak egingo dituzte. Gainera, lau erosketa karro jarriko dituzte elkarteko kide diren dendetan.

Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin datorren abenduaren 21ean piztuko dira Gabonetako argiak herrian. Saltokien eskariz orain arte baino –Kale Berria, Kale Nagusia– eremu zabalagoetan jarriko dira apaingarriak: Errota, Larrea eta herriko sarreretan. Gabonetako argiak jartzeko ekarpen ekonomikoa egin duten komertzioek atarian lore bat erakutsiko dute eguberriek irauten duten bitartean.

Era horretan emango diote hasiera Oria merkatari elkartean biltzen diren saltokiek eguberritako kanpainari. Aurten, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean umeentzako jolasak egongo dira herriko bi guneetan: Errebote plazan karrusela eta ohe elastikoak jarriko dituzte eta Txistulari plazan olla txiki bat egongo da.

"Era honetara, kontsumoa areagotzeko asmoz herriko beste guneetara zabaldu nahi dugu Gabonetako giroa", esan du Aitziber Cenzano merkatari elkarteko lehendakariak. Euro bat kostako da itzuli bakoitza eta elkarteko establezimenduek txartel batzuk izango dituzte oparitan emateko.

Aurten lehen aldiz, herriko bi ikastetxeetako gazteekin elkarlanean jardungo dute merkatariek. Ikas-bidaiara egiteko diru bilketan ekarpena egingo du Oria merkatari elkarteak eta trukean gazteek bi tailer eskainiko dituzte umeentzat. Abenduaren 23an, 16:30tik aurrera mozorro tailerra egingo dute eta prestatutako jantziekin, plazatik abiatuta, desfilea egingo dute ondoren. Urtarrilaren 5ean berriz, 11:00etatik aurrera, Gabonetako dekorazioaren inguruko tailerra eskainiko dute ikastetxeetako ikasleek.

Erakusleihoen lehiaketa

Merkatarientzat garrantzitsua izaten da Gabonetako kanpaina eta horregatik ahalegin berezia egiten dute kontsumoa areagotzeko. Esate baterako, aurten elkarteko kideek erakusleihoak apaintzeko ikastaroan parte hartu dute eta orain praktikan jarriko dute ikasitakoa. Abenduaren 20ra arteko epea dute izen emateko parte hartu nahi duten saltokiek. Horretarako argazkia bidali behar dute merkataritza.tolosa@gmail.com helbidera edo whatsapp zenbaki honetara 627 06 95 41.

Oria merkatari elkarteak Facebook-en orria irekiko du eta bertan ikusgai izango dira lehiaketan parte hartu duten erakusleihoak. Bertan bozkatu ahal izango dute herritarrek gustukoenaren alde –abenduaren 21etik urtarrilaren 5era– eta boto gehien dituenen erakusleihoak bi pertsonentzako afaria irabaziko du. Epaimahaiak, bestalde, beste sari bat banatuko du eta kasu honetan ere, beste bi pertsonentzako afaria egongo da jokoan. Gainera, Facebook-en botoa ematen dutenen artean 40 euroko erosketa bonua zozkatuko da.

Kontsumo txeke gehiago ere zozkatuko ditu Oria merkatari elkarteak. Abenduaren 19tik urtarrilaren 4ra bitartean elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egiteagatik txartelak jasoko dituzte bezeroek. Horiek bete eta hiru sari zozkatuko dira, 360 euroko hiru txeke saltokietan gastatzeko.

Gainera, urtero bezala, Behar Zana elkartekoekin elkarlana egin dute Amasa-Villabonako merkatariek. Saskiak zozkatzen ditu elkarteak urtero eta horietako hiruetan 200 euroko txekea egongo da eta beste batean 1.000 eurokoa, beti ere Oriako kide diren saltokietan gastatzeko.

Erosketak egiteko karroa

Nobedade bat dakar Oria merkatari elkarteak Gabonetako kanpainarekin batera: erosketak egiteko lau karro jarriko dituzte bezeroen eskura. "Kargatuta joaten dira maiz eta erosoago ibil daitezen elkarteko kide diren lau dendatan utziko ditugu karroak", esan du Cenzanok. Saltoki batean karroa hartu, etxean erosketak utzi eta gero Oriako bazkide diren dendetako batera itzuli beharko dute. "Behar bezala adierazita egongo da karroan zein lekutan utzi daitekeen". Elkarteko establezimenduen arteko kolaborazioa hobetu nahi dute ekimen honekin bezeroentzat zerbitzu hau eskaintzeaz gainera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!