Amasahara: Erakusketa baino gehiago

Jon Miranda Labaien 2016ko abe. 18a, 12:34

Osasuna, emakumea, duintasuna... amasahara proiektuarentzat eta oro har, Saharako herriarentzat garrantzitsuak diren kontzeptuak argazki banarekin lotu dituzte prestatutako erakusketan. «Erretratuetan ageri diren umeen izenak jartzean pentsatu genuen aurrena, baina iruditu zitzaigun haur hauek bezala beste batzuk izan zitezkeela eta guztiak ezaugarritzen dituzten kontzeptuak direla aukeratutakoak».

Udan Amasako apaizetxean egon ziren haurren erretratuak dira, nagusiki, proiektuaren ardatza, baina egitasmoa ez da erakusketara mugatzen Urbizuk azaldu duenez: «Sentsibilizazio kanpaina izatea nahi dugu eta komunikazio egitasmo oso bat prestatu dugu horretarako. Egongo da argazkiez osatutako erakusketa bat, aukeran herriz herri ibiliko dena, baina horrekin batera, poltsan eramateko moduko kuadernotxoak prestatu ditugu, postalak eta orri-markatzekoak».

Hain zuzen, begiraden serie batekin osatu dituzte orri-markatzekoak. Beatriz Medrano diseinu arduradunak azaldu du: «Ume hauen begiratuak oso indartsuak dira. Nik erretratu psikologiko bezala ikusten ditut. Melfak edo turbanteak jantzi edo erantzi, begirada aldatzen zaie, beste identitate bat adierazten dute, indartsuagoa. Kamara aurrean beste era batera paratzen direla esango nuke».

Arreta eman dio Medranori, berezkoak dituzten jantziak soinean jarrita, «neskek esate baterako, nola jarri diren kamara aurrean. Ikusten da beraiengan mendebaldeko kultura eta ohituren arrastoa». Udan Medranok ez zuen hainbesteko harremana izan Saharako haurrekin baina behin argazki guztiak ikusita «samurtasuna» eragiten diotela esan du.

Horregatik aukeratu du letra tipo fina eta sinplea. «S hizkian esate baterako & sinboloarekin jolastu nahi izan dugu eta umeen kaligrafia hori gogoratu. Argazkietan ageri diren jolasetako mugimenduak irudikatu nahi izan ditugu», dio Medranok.

Erakusketa ibiltaria

Hogeitik gora argazki bilduko dituen erakusketa izango da proiektuaren abiapuntua. Urbizuren esanetan, «herriz herri mugitzea nahi genuke eta gurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatzen diegu arduradunei». Tamaina berekoak izango dira argazki guztiak, «ume guztiei garrantzi bera eman nahi genielako».

Erakusketan ikusgai izango diren argazkiak salgai egongo dira. Ikusleak gustuko dituenak aukeratu eta zein tamainatan nahi dituen erabaki ahal izango du, hiru egongo dira aukeran. Jasotako ekarpena Maiatzak 20 elkarterako izango da. Oraindik ez dute lanen prezioa zehaztu.

Argazkiekin batera beste obra bat erakusteko asmoa dute. Ander Ortiz de Murua billabonatarrak prestatutakoa da: «Urbizurekin badut harremana eta berak proposatu zidan proiektuan parte hartzeko. Argazkietako bat aukeratu, aurpegiaren erdia hartu eta begia eta melfa agertzen diren partea aukeratu ditut koadro bat egiteko». Berezia da, ordea, arte lana: «Egur baten gainean eginda dago eta marrazkia bic boligrafoekin egindakoa da. Zirriborro teknika erabili dut horretarako, espresioa moldatu ahal izateko». Distantzia batetik begiratuta, argazki baten gisan ikusi daiteke irudia. Ortiz de Muruak ere, Maiatzak 20 elkartearen esku utzi du bere koadroa, nahieran erabili dezan.

Printzipioz, erakusketarekin batera erabiliko dute obra herriz herri eta lehen geltokia, Amasan izango du abenduaren 30ean 17:00etatik aurrera. «Iruditzen zaigu azken hiru urteetan Saharako haurrak hartu dituen herriak merezi duela beste inork baino lehenago lana ikustea, proiektua lagundu eta oso ondo portatzen diren bizilagun asko baitaude». Egun horretan, arratsaldez pare bat orduz ikusi ahal izango da erakusketa.

Han izango dira Urbizu, Medrano, Ortiz de Murua eta Maiatzak 20 elkarteko kideak. Eta ordutik au-rrera, amasahara proiektuarekin bat egin nahi duenak harremana egin dezake arduradunekin maiatzak20sahara@gmail.com helbidean, edo 696 014 786 telefonoan.

 

Nora Urbizu. Argazkien egilea

«KONFIANTZA MARKO BATEAN ATERATAKO ARGAZKIAK DIRA DENAK»

Saharako enbaxadore dira 'Oporrak bakean' programan parte hartzen duten umeak eta haien begiraden atzean ezkutatzen dena azalerazi nahi izan du billabonatarrak.

Erabat lan militantea izan da, musu-truk egindakoa. Azken hiru urteetan gertutik Amasako apaiz etxean ezagutu dituen haurren erretratuak atera ditu Nora Urbizuk eta horrekin amasahara proiektua osatu.

Noiz eta non du sorburua proiektu honek?

2015eko udan eta Amasan. Tea hartzen ari ginela sortutako hizketaldi luze horietako baten emaitza da. Eli eta bion artean sortu zen sentsibilizazio kanpaina bat egiteko gogoa. Aurten, haurrak hemen zeudela aprobetxatu genuen argazkiak ateratzeko eta ordutik hona zein forma eman pentsatzen aritu gara. Lehen urratsa, erakusketa izango da.

Aurrez argazkilari bezala aritua al zinen?

Kamera digitalak ez zeuden garaian ikastaro bat egin nuen Donostiako Argazkilari Elkartean eta errebelatzen ere ikasi nuen. Ordutik agenda kontuengatik behin ere ez dut beste argazki ikastarorik egin eta badut digitalean ikasteko gogoa. Ni ez naiz argazkilari profesionala eta erakusketa bisitatzen duenak hori ikusiko du. Lan honek beste balore batzuk ditu, haurrekin egote hori, harreman hori islatzen dute. Kuriosa naiz, berez, eta argazki kamara erabiltzean baino, begirada ezberdin bat jartzean dago nire ekarpena.

Zein irizpide erabili duzue argazkiak aukeratzeko?

Zaila egin zait oso. Taldean egin dugun lana izan da. Behin argazkiak aterata beste ikuspegi bat jartzen lagunduko zidan norbaiten laguntza behar nuela argi nuen. Aurretik ere elkarrekin lanean aritutakoak gara eta beraz, berehala jo nuen Beatriz Medranorengana. Oso ondo ulertzen dugu elkar eta emaitza polita izan da.

Noiz ateratako argazkiak dira erakusketan bilduko dituzuenak?

Guztiak egun bakar batean ateratakoak dira, aurtengo uda bukaeran. Handik gutxira etxera bueltatzekoak ziren haurrak eta argazkietan despedidaren gertutasunak sortzen dituen sentimendu kontrajarriak nabari dira. Baina, oro har, umeak oso eroso egon ziren kamera aurrean, lasaitasun ikaragarria dute horretarako.

Zer nolako harremana izan duzu Saharako haurrekin?

Argazkiak ikusita, nabari da konfiantza marko batean ateratakoak direla. Aurreko urteetan ere egona nintzen haur horietako askorekin eta jolas moduko bat izan da beraientzat.

Batzuk melfa jantzita, besteek turbantea daramate. Zergatik?

Aukeran eman nien. Batzuk jantzi zituzten eta besteek ez. Jartzeko prozesua, melfekin nola egiten duten jolas... hori guztia jaso nuen. Ikusi ahal izan nuen, behin melfa edo turbantea jantzita beste indar bat hartzen zutela haurren begiradek, nortasun bat nabari da argazki horietan.

Erakusketarekin hasi eta non bukatuko da proiektua?

Batek daki. Guk Maiatzak 20 elkartearen esku utzi dugu. Jendeak ez dezala pentsatu argazki erakusketa profesional bat denik. Errespetu guztia adierazi nahi diet beren bizibidea hortik ateratzen dutenei. Gure egitasmo hau beste gauza bat da, Saharako herriarekin gertatzen ari dena gizarteratzeko modu bat. Maiatzak 20 elkarteak daraman proiektuarekiko atxikimenduz eta haurrekiko maitasunez nire ekarpena hau izatea erabaki dut. Argazki batzuk liluragarriagoak dira besteak baino eta nik neronek badauzkat nire kuttunak. Erakusketa bisitatzen duenak aukera izango du argazkia etxera eraman eta proiektu duin bat laguntzeko.

Erlazionatuak

Saharako begiradak argazkitan

Jon Miranda Labaien 2016 abe 18 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!