«Ez nintzen behartuta joan lan bila, baizik eta etorkizunari begira aukerarik onenaren bila»

Irati Saizar Artola 2016ko uzt. 7a, 13:10

Duela lau urtetik bizi da Iraitz Arrospide billabonatarra Sheffield-en (Erresuma Batua). Egun, doktoretza egiten ari da lanarekin eta kirolarekin bateragarri eginez.

Denetarako denbora hartzen du billabonatar gazteak herrialde ingelesean. Unibertsitatean eta lanean pasatzen ditu asteko bost egunak, baina korrika entrenatzeko ere hartzen du tartea. Apirilean Londresko Maratoian hartu zuen parte lehen aldiz eta duela bi aste, Hernaniko XVIII. Azeri Bila lasterketa irabazi zuen. Aurrera begira, erronka berriak ditu buruan.

Billabonatar bat Sheffield-en. Zer dela eta?

Industria ingeniaritza ikasten ari nintzen Mondragon Unibertsitatean. Ikasketen azken urtean, ikasketa amaierako proiektua delakoa burutzen da. Nik Erasmus programan onartua izatea lortu nuen proiektua atzerrian egiteko eta Sheffield-era bidali ninduten, fabrikazio aurreratu ikerketa zentro batera, mekanizazio arloko proiektu bat egitera.

Sheffield bizitzeko hiri ederra iruditu zitzaidan eta aipaturiko ikerketa zentroa ere aparta iruditu zitzaidan. Momentu hartan, nire etorkizunari begira, han gelditzea iruditzen zitzaidan aukera onena ingeniari titulua lortu ondoren. Engineering Doctorate izeneko doktoretza programa berezi bat gustatzen zitzaidan, industria munduarekin duen lotura handiagatik. Ondo pentsatu eta gero, programa hortan sartzeko eskaera egin nuen eta onartua izan nintzen. Uda etxean pasa ostean, Sheffield-era itzuli nintzen, oraingoan neskalagunarekin, lau urteko doktoretza egitera eta beste bi urte gehiago enpresa baseslearentzat lan egiteko baldintzarekin. Bi urte eta erdi pasa dira eta oraindik gutxienez beste hiru urte eta erdi pasako ditut bertan. 

Zein da zure egunerokotasuna Sheffield-en?

Sheffield-eko unibertsitateko doktoretza zentro batean nago, beste 15 bat lagunekin. Gehienbat unibertsitatean burutzen dut proiektua, baina lehen aipaturiko ikerketa zentroan ditugu makinak eta bertara ere joaten naiz. Gainera, astean behin edo bitan enpresa babeslearen fabrikara joaten naiz eta bertan egiten dut lan. 

Zer moduzkoa da hango bizimodua?

Bizimodu lasaia da. Ez naiz asteburu askotan parrandan ateratzen. Astean zehar lana eta kirola egiten ditut, eta geratzen den denbora etxeko lanetarako izaten da. Asteburuan planik badago, lagunekin ateratzen naiz, eta bestela beti izaten dira lanak etxean. 

Zer eskaintzen dizu Erresuma Batuak Euskal Herriak ez duenik?

Batez ere ibilbide profesionalari bultzada bat ematea. Ez nintzen behartuta joan lan bila, baizik eta etorkizunari begira aukerarik onenaren bila. Nire ustez, atzerrian puntako unibertsitate batean doktoregoa ikasteak eta lan esperientzia izateak duen prestigioaren bila.

Eta Euskal Herriak duen zer gauza falta zaio Erresuma Batuari?

Batez ere familia eta lagunak. Bizimodua bera ere bai. Han oso gustora bizitzeak ez du esan nahi etxea (Euskal Herria) ez dudanik faltan botatzen. Gurasoen eta gertukoenen falta asko sumatzen da. 

Hain urrun izanda, ez al duzu etxeminik?

Etxemina bai. Batez ere hona bueltatzen naizenean baloratzen dut hemen daukaguna. Baina, hango eguneroko bizitzan ez naiz pena horrekin bizi. Egunak airean pasatzen dira eta gainera gurasoekin eta gertukoenekin kontaktu handia dut skype bidez. Gaur egungo teknologiarekin ez dirudi hain urrun gaudenik.

Noiz arte egoteko asmoa duzu?

Emazteak eta biok ez daukagu etorkizunerako plan zehatzik. Itzuliko garela badakigu, baina ez dakigu noiz. Nik gutxienez beste hiru urte eta erdi gelditu beharra daukat kontratuz, ikasketak amaitu ondoren beste bi urte lanean. Gainera, ez da erraza bueltatzeko erabakia hartzea han gauzak ondo doazen bitartean, lan baldintzak hobeak baitira Erresuma Batuan.

Brexit-a dela eta zer moduzko giroa sumatu duzu azken aldian?

Nire inguruan, eta unibertsitate giroan Europaren barne mantentzeko nahi garbia ikusten nuen. Bestalde, emaztearen lantokian, jende helduagoak Europatik irteteko nahia erakusten omen zuten. Urduritasuna zegoen kalean. 

Bi aste Euskal Herrian igaro eta bueltatzen zarenean baliteke zenbait gauza aldatuta aurkitzea. Zure bizimodua aldatuko delakoan?

Ez dut uste bi astean ezer aldatuko denik. Entzun dut pare bat urte igaroko direla prozesua bukatzeko. Kanpotarroi ez digu onurarik ekarriko, baina ez dut uste arazorik izango dugunik bertan bizitzen eta lanean jarraitzeko.

Ikasketak burutu eta lan egiteaz gain, kirolari ere eskaintzen diozu tartea. Apirilean Londresko Maratoian hartu zenuen parte lehen aldiz. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Maratoiko debuta egin nuen Londresen 2h24min51seg denborarekin. Denbora oso ona da, batez ere lehen maratoia dela kontuan izanda. Pozik egoteko modukoa da, eta inolaz ere espero ez nuen oihartzuna izan du. Nire buruarengan konfiantza handia eman dit eta egindakoa hobetzeko gogo izugarria.

Esperotako denboran egin zenuen?

Ez zen sorpresa bat izan niretzat. Prestaketan zehar egindako entrenamendu eta proben arabera banekien egindakoa egiteko gai nintzela. Oraindik ere denbora hobexeagoa egiteko esperantza nuen, baina maratoia proba luzea da eta faktore asko daude jokoan. Denak ondo atera behar du denbora ideal hori egiteko (eguraldia, zirkuitu edo ibilbide egokia, estrategia, talde egoki baten babesean joatea, gorputza puntuan izatea...) eta oso zaila iruditzen zait hori lortzea. Are eta gehiago lehenengo maratoian.

Zein izan zen bukatzean burutik pasa zitzaizun lehen gauza?

Alde batetik, emozio handia helmugako marra pasatzea lortu nuelako eta lekua (Londres erdia), jendetza...momentu oso berezia delako. Bestetik, maratoi gehiagorik ez egiteko desioa. Nik bakarrik dakit ze sufrimendu bizi izan nuen eta ez nuen gehiago infernu horretatik pasa nahi. Pentsamendu hori izateko eragin handia izan zuen maratoiko estrategiak. Hasierako emozio eta gogoaren ondorioz, azkarregi hasi nintzen eta hori sufrimendu itzelarekin ordaindu nuen azken 20-25 kilometroetan. Bukatu eta ordu pare bat geroago, ordea, gorputzak buelta hartu zuen eta telefonoa hartu nuenean gauzak guztiz aldatu ziren...ni ez nintzen hain pozik gelditu egindakoarekin, baina jende pila zoriontzen hasi zitzaidan lortutakoagatik eta horrek pentsamendua aldatu zidan, egindakoa bere neurrian baloratuz.

Nolatan hartu zenuen maratoi bat egiteko erabakia?

Aspalditik buruan nuen maratoia korritzea, baina etorkizuneko erronka bezala. Joan den urte bukaeran hiruzpalau lasterketa egin nituen urte batzuk eta gero. Fundamentu askorik gabe entrenatzen nuen baina denbora onak lortu nituen. Orduan pentsatu nuen serio entrenatzen hastea eta maratoia prestatzea, ez bainekien etorkizunerako utziz gero, ondo prestatzeko aukera onik izango nukeen.

Nolakoak dira zure prestaketa lanak lurralde ingelesean?

Azaroaz geroztik astean sei aldiz entrenatzen dut, egunero ordubete edo ordu eta erdi inguru. Entrenamenduak entrenatzaileak prestatzen dizkit eta egun bat edo bitan lasterkari talde batekin entrenatzen dut. Gainontzeko egunetan bakarrik aritzen naiz.

Noiztik zabiltza korrika munduan?

Urte batzuk pasa dira hasi nintzenetik. Aurretik igerian aritzen nintzen baina 19-20 urterekin utzi egin nuen dedikazio handia eskatzen zuelako eta handik gutxira, korrika hasi nintzen beste asko bezela Behobia helburutzat hartuz. Urtero hobetzen ari nintzen, baina Erresuma Batura joan nintzenean alde batera utzi nuen 2-3 urtetan. Denbora horretan, gimnasioan ibili nintzen eta nahi gabe, pixkanaka korrikari heldu nion. Hortik aurrera, hobekuntza harrigarria izan da eta serio hartzea erabaki dut. 

Bi astetarako Euskal Herrira itzuli eta Hernaniko XVIII. Azeri Bila lasterketa irabazi duzu. Euskal Herriko lehen garaipena izan da zuretzat. Garaipen berezia izan al da?

Bai, guztiz. Ez nago ohitua irabaztera. Ingalaterran irabazi nuen lasterketa bat maratoiko prestaketetan ari nintzela, baina han ez zegoen maila handirik. Hernanin irabaztea guztiz ezberdina izan zen. Maila oneko arerioak zeuden bertan, eta izugarrizko ilusioa egin zidan Euskal Herrian irabazteak. 

Aurrera begira, jarri al diozu erronkarik zeure buruari?

Urteko bigarren zatia planifikatu berria dut. Urrian bigarren maratoia egiteko asmoa dut Ingalaterran eta aurretik prestakuntza lasterketa batzuk egingo ditut. Maratoi horretan ez da Londresko maila egongo. Helburua irabaztea edo lehen hiruetan sailkatzea izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!