II. Errepublika: aukerez betetako garaia
Gerra aurretik, emakumeek bizitza publikoan parte hartzeko aukera pentsaezina zen. Irakasletza eta zaintza zen emakumeen zeregin aitortu bakarra. Asko aurreratu zen alor honetan. 1936ko altxamenduak eten egin zuen prozesu hori. Honela, frankismoak emakume eredu zehatz baten balioak defendatu eta bultzatu zituen; eredu hori bete ezean zigorra izanik ondorioa.
Frankismoa erregimen matxista izan zen. Emakumeek gutxiago balio zutela pentsatzen zuten, argiki. Zer esanik ez, errepublikazaleak edo abertzaleak eta gainera konprometituak ziren emakumeen kasuan.
Dolores Arrillaga, Pilar Arrillaga, Evarista Sasiambarrena, Pilar Garcia, Ignacia Don, Gregoria Irazu eta Maria Jesus Irazuren aurkako Gerra Kontseilua
Denak abertzaleak dira Pilar Garcia Otegi izan ezik (Juan Barbe Yarzak idatzia 1937ko maiatzaren 5ean Donostiako Gobernadore Zibilari), ondoren «rabiosas separatistas» irakur daiteke dokumentu batean. Halaxe salatu zituzten, Guardia Nazionalaren aurrean, 1937ko ekainaren 18an udalera igorritako dokumentuan. Bertan, Amasa-Villabonako herritar ziren zazpi emakume, salatuak, umiliatuak eta Gerra Kontseilu baten biktima izan ziren.
Aurretik, herriko alkate zen Juan Barbe Yarza jaunak eta laguntzaile zuen Manuel Garate Berazak, (21 urte zituen madrildarra, Oriamendi saileko –Tercio– erreketea) salaketa zuzenak egin zituzten emakume hauen aurka. Ondoren Gerra Tribunal batek salaketa gauzatu zuen. Ez zuten nahikoa froga lortu eta absolbituak izan ziren.
Emakume hauen zereginak alderdi politiko zein mugimendu antifrankistekin lotu nahi zituzten, euren konpromisoa zigortuz. Salaketa horiek denak, Amasa-Villabonan bertan eraiki ziren eta gero militarrek euren mendekuak prestatu eta gauzatu zituzten. 1937. urteko maiatzaren 3an bahitu zituzten zazpi emakume hauek, garaiko agintariek haien aurkako Gerra Kontseilua prestatu bitartean.
Beldurra eta mendekua helburu
Amasa Villabonan Francoren aldekoek,izua eragin zuten, botere erakuste nabarmena eginez etengabe; horretarako baliabide andana zuten, nabarmenena agian udala bera, euren eskuetan hartuta. Herria eurena balitz bezala agindu zuten, herritarrak salatuz eta errepresioaren jomugan jarriz. Tresnak euren eskuetan hartuta, herritar zibil xumeak gupidarik gabe jazarpenaren biktima izan ziren.
Kolaboratzaile beharrezkoak, salaketak gauzatzeko
Udala errepresioa gauzatzeko baliabide nagusia izanik ere, ezin ahaztu salaketak indartzen zituzten kolaboratzaileak. Salaketak osatzeko, lekukoak behar izaten zituzten. Hartara, ikus dezakegu nola, salatariek euren lekukotasuna sendotzeko bestelako pertsonen kolaborazioa ere bilatu eta lortzen zuten. Antonio Subijana Tellecheak, esate batera, jazarpena prestatzeko informazioa eskaintzen du; industria gizona bera, argiki adierazten du gure esku dauden hainbat dokumentuetan, baietz, Juan Barbe eta Manuelek esandakoa egokia dela, eta zigorra eta espetxe aldia justifikatua daudela, «nacionalistas muy destacadas» direlako.
Jose Maria Subijana, Luis Subijana eta Jose Ubarrechena ere leial aritu ziren erregimenaren alde eta emakume hauen aurka. Gero, saria eskuratzen zuten (Barbek berak halaxe jakinarazi zien agintariei, saritu zitzaten haien zerbitzuengatik).
Gerra Tribunala epai bat ematekotan zela, herriko alkateak bere txostena idatzi zuen, salaketak berretsiz: arriskutsuak ziren emakume hauek Francoren erregimena kritikatzen zutelako eta aurkakoei babesa eskaintzen zietelako. Falangeak ere Barbek egindako txostenean oinarrituta egin zuen berea. Arduraduna bera zen.
1937ko urriaren 25ean, Gerra Tribunalak bere sententzia argitara eman zuen. Absoluzioa izan zen emaitza. Baina multarekin. «Por no poder probar auxilio a la rebelión», haien esanetan. Frankismoak multa ekonomikoak erregimenaren finantziaziorako baliatu zituen. Honela isunak modu progresiboan zehazten zituzten. Emakume hauei, esaterako, zeukaten diruaren araberako isuna jarri izana adierazgarria da. Zenbat eta diru gehiago isun handiagoa.
Gerra Kontseilu sumarisimoak emakumeak umiliatzeko
Zigorrak ere desberdinak ziren emakume zein gizonezkoentzat. Hor ere desberdin jokatu zuen gerrak. Errepublikazaleak ziren familietan, gizonak erail egiten zituzten bitartean emakumeei «barkatu» egiten zieten; barkamen hori ordea, garestia zen kasu ia gehienetan. Honela, gizonak hil ondotik emakumeei sexu jazarpen eta intsinuazioak, haurrak kentzeko mehatxuak, harrera etxeetan egonaldi behartuak, umiliazioak, ile mozteak zetozkien.
Juliana Berakoetxea, Antonia Astiasaran eta Petra Vidaurreren kasua. Ilea moztu eta kalean barrena ibili arazi zituzten
Emakumeei ohiko errepresio formez gain (atxilo-aldiak, espetxea...) ilea mozten zieten, fisikoki umiliatuak izateko, ondoren akain olioa (aceite de ricino) eman, beherakoa eragiteko; hainbat lekukotza jaso ditugu nola gero Kale Berrian barrena ibili arazten zituzten, beherakoa gainean egiten zuten bitartean; Villabonan ez ezik eurek askatzen zituzten herri askotan errepikatu zen hau; bitartean, herriko musika bandak kaleak zeharkatzen zituen. Francoren aldekoak ziren emakume eta autoritateak, haiei barrez eta irain egiten. Frankisten emazteak lehen lerroan zeuden. Andreak andreak umiliatzen.
Garaiko emakumearen estetika kanon inposatuak edertasunaren zati bat ile luzearekin lotzen zuen, erlijio katolikoari oso lotua izan den ideia, herri osoaren aurrean markatuak uzten zituzten hura moztuta, gizonek lotsa eta higuina senti zezaten emakume haienganako. Soberan da esatea frankismoak erlijio katolikoarekin lotura zuzenak izan zituela.
Amasa-Villabonan, garaiko frankismoaren erreferentea zen familia batek erabaki omen zuen ile mozketekin amaitzea. Ordudanik ez zen ilerik moztu gehiago.
Evarista Sasiambarrena: Emakume Abertzale Batzaren idazkaria Amasa-Villabonan
1931 urtera bitarte Emakume Abertzaleen Batzako idazkaria Amasa-Villabonan –120 bat afiliatu zituen Villabonan EAJren inguruan sortutako emakume talde honek–. Bere aurkako salaketa oso adierazgarria da, baita Manuel Garatek lortu zuen bere auto-akusazioa. Bertan, garai batean abertzalea zela baina orain Espainiaren alde lerrokatua dagoela aitorrarazi zioten.
Evaristak alkatearen agindu bati uko egin zion, Espainiako bandera zintzilikario gisa jartzeari; ondorioz, espainiar bandera eskuetan herriko kaleetan itzulika ibilarazi zuten.
Errepublikaren alde borrokan, ihesean zeudenen emazteen aurkako jazarpen krudela: Saturnina Ramila, Antonia Astiasaran eta Benita Arteagaren kasua
Emakume hauek Villabonan atxilotu zituzten, euren senarrak frontean zeuden bitartean, eta zigortuak izan ziren, «matxinadara deitzeagatik». Espetxe zigor oso larriak ezarri zizkieten eta ia osorik bete behar izan zituzten.