Harrituta

Jexux Murua 2017ko ots. 18a, 14:03

Iñaki Perurenak Harria. Maitasun istorioa bakarrizketa eskaini zigun atzo, Batzarremuinoko areto nagusia bete-bete egiten genuenoi, altzotarrak gehienak baina baita inguruko herrietatik etorriak ere. Aspaldi batean mutiko txiki hark amestu zuena egi bihurtzeko egindako bidezidorretatik sigi-saga eraman gintuen hitz lau eta bertso, tartean tartean, gehien egin duena eginez, harria jasoz.

Harri bihurtzeraino ez, baina harritu gintuen, ez ezagutzen ez geniolako, bere komunikazio gaitasunak: hitz jario eder eta egoki antolatua, entzuleon arreta berpiztu eta erakartzeko gorputz imintzio eta galderak, harriari ematen zion tratua... Eraikin berria da Batzarremuino, baina han geunden sukalde zaharrean osaba zaharrari kontu zaharrak entzuten geundekeen bezala, amaren bularrean tarteka atseden hartzen zuen mutikotik hasita, adinean aurrera doazenen adin-tarteko guztiak, denok eskenan begiak, arretaz, harrituta entzuteko eta ikustekoekin. Ikuskizuna berau ere gaur egun, adin tarte guztietakoak gune berean gauza bera partekatzen.

Harria eta ura, ura eta harria, harria eta sua, harria eta gure hizkuntza. Gogorra da harria eta hutsala dirudi urak, baina arian-arian, tokian-tokian, tantaz tanta, honek zulatzen duela hura gogora arazi zigun, alegia, gutxien uste duguna lor genezakeela saiatzearen poderioz, eta hori dela berak egin duena. Ura harri egiteaz ere aritu zitzaigun, milaka eta milaka urte iraganen poderioz osatutako estalaktika eskuetan; denboraren iragaiteak uzten duen hondar harrituaz, geurean utzi duenaz.

Harria harriaren aurkako txinpartatik sua sortzeaz, berotzeko behar genuenaz eta erretzeko darabilgunaz jardun zitzaigun; harria jana biltzeko arma izatetik elkar akabatzeko arma nola bihurtu genuen gero, eta hari horri tiraz, justizia gabeziaz eta ezaz. Baita, David artzain txikiak Goliat gudari handia eraisteko erabili zuen harri eta abailaz, txikiok handiekin gorputzez gorputz aritzeko taktika okerra dela eta asko dugula ikasteko iradokiz.

Gure hizkuntzan, dugun hiztegian, hitzen osaeran, harriak duen lekuaz eta garrantziaz ere aritu zitzaigun, gure nortasunean harriak duen leku eta esanindarraz.

Camus, Sisifo eta abarren aipamenak ... Sisiforen gaztigua eta harri-jasotzaileen jarduna jarri zizkigun parez pare: hau, harria jaso eta bota, jaso eta bota, aritze tematian, eta hura behin eta berriz maldan behera ihesi joaten zitzaion harritzar borobila mendian gora zeramala irudikarazi zizkigun, zer pentsatuko ote zukeen hark gutaz bere buruari galdetuz, bide batez, gu guztion ezpainetan irribarrea marraztuz.

Bere ibilbideko mugarri izan diren uneak deskribatu zizkigun; begiak itxiarazi eta bera bertso kantari zela, harri-jasotzen jarri gintuen: heldu, lurra kendu, gerriratu, jiratu eta bizpahiru kolpetan bizkarrera!

Gure poeta eta bertsolarien aipu jakingarriak jaulki zizkigun. Euskal Herriko plaza, Espainiako, Ameriketako ... ikuskizunetan egindako harremanez,  izandako sentipenez eta kantatutako bertsoez jardun zitzaigun, eta hauetako batzuk bota zizkigun.

Txikitako ametsa egi bihurtu zaiola, eta segi nahi duela ametsa luzatzen. Lehen karga handiak arin zitzaizkiola eta orain arinak astun, esan zigun. Baina, ahal duen artean, jarraituko duela amets horri arnas ematen, maitasun istorio honi bizitza luzatzen, bizia ematen. Halaxe eman zion amaiera: harria bizkarrera, bizkarretik lurrera,  eta maitasun aitorpen betirakoa.

Eta gu testigu, bularreko haurtxotik adinez aurrera doazen arteko entzuleria, ordubete bete-betean, harrituta!

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!