Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana berritu dute Altzon

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 16a, 10:43

Bigarren Ekintza Plana onartu berri du Altzoko Udalak, bederatzi lerro estrategiko zehaztuz, eta aurreko planari ekintza berriak gaineratuz.

Tokiko Agenda 21eko lehenengo Ekintza Plana 2007an onartu zuen Altzoko Udalak. Ia hamar urte pasa ondoren, 2016ko azaroan onartu dute bigarren Ekintza Plana. Josu Astrain Ingurugiro eta Zerbitzuen zinegotziak azaldu duenez, «bere garaian egin zen lan garrantzitsu baten ondoren, tartean herri batzarrak, onartu zen 2007an Ekintza Plana. Ikusi genuen hainbat gauza eginak zeudela, eta berriro gaiari heltzeko eta Ekintza Plana berritzeko beharra zegoela».

2007an «diagnostiko oso zabala» egin zela esan du Astrainek. «Oraingoan egin duguna da egokitu, bai herritarrekin eta baita udalean ere. Herri batzarrak egin ditugu, aztertu dugu genuena eta zer erronka ditugun eta zer ekintza egin ditzakegun hemendik aurrera. Herritarren parte hartzea zabala izan da. Emendakinak izan dira, ekarpenak ere bai, eta denon artean osatu dugu Ekintza Plana».

Altzoko Udalarentzat Tokiko Agenda 21a «tresna interesgarria» dela dio Astrainek: «Herri txiki batean bizi gara, gure arteko harremana ona da eta naturala, eta erraza egiten zaigu denon artean ikustea zer-nolako herria daukagun eta nora joan nahi dugun». Ekintza Plana «gida moduko bat» dela dio, «hemendik aurrera guk nahi ditugun lan ildoak garatzeko». Plana ez dela ingurumenari begira bakarrik egiten gaineratu du, «herri batean edo bizitzan ditugun arlo guztiak jorratzen ditugu». Guztira bederatzi lerro estrategiko zehaztu dituzte Ekintza Plan berrian, eta www.altzo.eus webgunetik jaitsi daiteke dokumentu osoa.

ETXEBIZITZA, OINARRIZKO ZERBITZUAK ETA BIZI KALITATEA

Lehenengo lerro estrategikoa Etxebizitza, oinarrizko zerbitzuak eta bizi kalitatea bermatu da. «Etxebizitza da une honetan dugun kezka nagusia, ikusten dugulako herrian gazte asko ditugula, eta nahi duguna da gazteak herrian geratzea», esan du Astrainek. «Gazteekin diagnosia egin nahi dugu gaiari buruz».

Oinarrizko zerbitzuei dagokionez, «mantendu eta ahal dela hobetu behar ditugu, eta auzoen artean izan daitezkeen ezberdintasunak gainditu», esan du Astrainek. Hezkuntzari dagokionez, udalarentzat «oso garrantzitsua» da eskola mantentzea. Bestalde, kultura bultzatzeko kultur etxea hornitzen ari dira, ahalik eta ekimen gehien egiteko.

Euskararen inguruan, «Altzo indartu egin behar dugu arnasgune moduan. Herritar batzuk ari dira euskara ikasten herrian, eta horrekin egungo euskararen kalitatea eta erabilera mantendu nahi dugu». Astrainek parekidetasuna ere nabarmendu du: «Udalak bultzatzen dituen proiektu eta politiketan parekidetasuna bermatzea nahi dugu».

MUGIKORTASUNA

Bigarrengo lerro estrategikoa Herritarren mugikortasun beharrak iraunkortasun irizpideekin ase izenekoa da. «Lehendik genituen hainbat ekintza mantendu ditugu, tartean herri bideak berreskuratu eta mantendu, oinezko bideak garbi eta egoera onean eduki», esan du Astrainek. «Berritasun moduan sartu duguna da ohitura osasuntsuak bultzatu nahi ditugula, kotxea gutxiago erabiliz herrian, eta oinezkoentzat eta bizikletentzat aukera gehiago emanez».

UR, ENERGIA ETA HONDAKIN ZERBITZUAK

Hirugarren lerroa Ur, energia eta hondakin zerbitzuak hobetu izendatu dute. «Lerro honetan ziurtatu behar duguna da zerbitzu horiek ondo ematea. Horrekin batera, kontsumo eraginkorra bultzatu nahi dugu», zehaztu du Astrainek. «Alor honetan apustua da energia berriztatzaileak edo eraginkortasun energetikoaren inguruko energiak sustatzea herrian, bai udal eraikinetan, eta bakoitzaren etxean edota baserrian». Horren inguruan prestakuntza saioak egiten ari direla gaineratu du zinegotziak. Bestalde biomasaren gaia ere jorratu nahi dute: «Dauden basoak nola kudeatu ikusi, beti ere eraginkortasun energetikoaren alde apustu egiteko, eta autokontsumoa bultzatzeko».

Hondakinen inguruan «behar bezala kudeatzen jarraitu» nahi dute. «Konpostaren aldeko apustua egiten dugu, eta bide horretan jarraitu nahi dugu».

EKONOMIA

Laugarren lerroa Udalerriko ekonomiaren sustapena eta dibertsifikazioa lortu izenekoa da. Arlo honetan herrian lanpostu berriak sortzeko moduak bilatu nahi dituzte. «Horretarako herriko bi enpresa handienekin hitzarmen moduko bat egin dugu, langileak kontratatzerakoan herritarrek lehentasuna izateko», esan du Astrainek.

Arlo honetan egun itxita dagoen eta herrian bakarra den ostatua ekarri du gogora Astrainek: «Ostatua irekita egotea nahiko genuke, besteak beste, turismoaren aldetik pausoak ematen ari baikara Altzoko Handiaren inguruan. Gure helburu nagusietako bat da».

BASERRI BIZITZA

Bosgarren lerroaren izenburuak Baserri bizitza mantendu eta suspertu, naturaren, paisaiaren, ondare kulturalaren eta herri nortasunaren mantenuan duen garrantziarekin uztartuz dio. «Altzo herri txiki bat da, landa ingurunea dugu, eta lerro estrategiko honekin nekazaritza lurrak babestu nahi ditugu, eta lehenengo sektorea indartu, gure herrirako eta gizarterako ere oso garrantzitsua delako». Paisaiari «garrantzia» ematen diotela gaineratu du: «Landa zabalak ditugu, hori mantendu nahi dugu eta horretarako baserriak indartsu egon behar dira».

NATUR BALIABIDEAK ETA ONDARE KULTURALA

Seigarren lerroak Udalerriko natur baliabideak eta ondare kulturala zaindu dio. «Une honetan ditugun natur baliabideak eta ondare kultural-turistikoak aprobetxatu behar ditugu», esan du Astrainek. «Adibidez, Altzoko Handiaren inguruan azkenaldian hainbat ekimen egin dira. Gure asmoa da ditugun ondare natural eta kulturalak babestu eta ezagutzera ematea».

UDALERRIKO JARDUERA EKONOMIKOA

Zazpigarren lerroaren izenburua Udalerriko jarduera ekonomikoen ingurumen eragina murriztu da. «Arlo honetan baso ustiapena eta industria begiratu nahi dugu: basoak garbi mantentzeko laguntzak sustatu egin behar dira, eta industriari jarraipena egin. Ingurumenari egiten zaion eragina begiratu behar dugu. Enpresekin harremanetan gaude, eta harremana ona da».

HIRIGNTZA

Zortzigarren lerroak Udalerriko hirigintzaren plangintza eta araudia iraunkortasun irizpideekin landu dio. «Plan orokor bat dugu eta horri jarraipena egiten diogu», zehaztu du zinegotziak. «Hemen aipamen berri gutxi egin ditugu. Plan orokorrean berezitasuna da landa lurrak babesten ditugula».

UDAL KUDEAKETA ETA HERRI KOHESIOA

Azkeneko lerroak horrela dio: Udal kudeaketa hobetu eta herri kohesioa sustatu. «Guretzat garrantzizko gaia da», esan du Astrainek. «Nolako herri giroa nahi dugun zehazten da, eta guk nahi dugu herri kohesioa izatea. Berez, herri honetan parte hartzen dute herritarrek eta maila honetan ez dugu kexarik. Harremanak oso naturalak dira. Ikusi nahi dugu non hobetu daitekeen udalaren aldetik komunikazioan. Bestalde, eskualdean dauden eragileekin lankidetzan jarraitzea zehazten dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!