Euskararen Nazioarteko Eguna 2016

Altzo izoztu egin da euskararen alde

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 3a, 16:50

Euskararen Nazioarteko Egunean, Altzoko herritarrek mannequin challenge ekimena egin dute, egunerokotasunean eta edozein ekintzetan euskaraz egin daitekeela aldarrikatuz.

Bi minutuz Altzoko plaza eta frontoi zaharra izoztu egin dira. Herritar ugari izan arren, txorien kantuak bakarrik entzun dira. Interneten egun oso ezaguna den bideo mota grabatu dute, mannequin challenge bat eginez, hau da, irudiak grabatu jendea zerbait egiten ari dela baina geldi-geldi egonez. Horrela, erakutsi nahi izan dute frontoian euskaraz aritu daitekeela, bai jokoan eta bai ikusle moduan, kalejira bat egitean eta musikariak ere berdin, bertsotan zein poteoan, lagun taldean hitz egiten zein festan, etxeko lanak eginez edo mendi buelta bat emanez. Bideoaren amaieran, euskaraz 365 egunez egiteko eskaera egin dute.

Bideoaren grabaketa eta gero, Euskararen Eguneko beste zenbait ekimen egin dituzte. Musikariak behatzak mugitzen hasi dira, eta gero kanturako tartea ere izan da. Joseba Elduaien alkateak adierazpen bat irakurri du. Besteak beste, euskara "bizitzeko era bat" dela esan du, "inguratzen gaituen zerbait". "Gure betebeharra, eta hor ikusten diogu gaurkoari benetako balioa, oraina geroarekin modu natural batean euskaraz uztartzen jarraitu behar dugula aldarrikatzea da", gaineratu du Elduaienek. Adierazpenari bukaera emanez, bereziki eskertu die Altzon euskara ikasteko eta euskaraz aritzeko urratsak ematen hasi direnei: "Ongi etorri euskararen komunitatera eta zailtasunak zailtasun, nekeak neke, animo eta ez etsi. Mundu berri bat irekiko zaizuelako, ingurua ulertzeko beste era bat".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!