Argazki rallya antolatu dute lehen aldiz Altzon

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 2a, 18:52

Jarduera igande goizean izango da, eta Olentzerotan Jakinminez kultur egitasmoari hasiera emango dio.

Aurtengo Olentzerotan Jakinminez kultur ekimena zenbait berritasunekin dator, eta horietako bat, hain justu, egitarauari hasiera emango diona izango da: I. Argazki Rallya. Igande honetan egingo dute, eta izen ematea gaur bertan egin daiteke liburutegian eta baita jardueraren egun berean 09:30etik 10:00etara. Kultura Batzordetik azaldu dutenez, argazki rallyarekin herritarren parte hartze aktiboa sustatu, belaunaldien arteko harremanak landu, eta irudimena eta sormena bultzatu nahi dituzte.

Rallyan nahi duten argazkilari ez profesional guztiek hartu ahal izango dute parte. Bi maila bereiziko dituzte: 16 urtetik beherakoak eta 16 urtetik gorakoak. Sariei dagokionez, maila bakoitzeko lehen bi sailkatuek jasoko dituzte.

Argazkiak kamerarekin zein mugikorrarekin atera ahal izango dira. Partaide bakoitzak hutsik dagoen memoria eramango du. Parte hartzaileek kontrol argazki bat egin beharko dute irteeran eta amaieran. Nahi diren argazki guztiak atera ahal izango dira kontrol argazkitik aurrera, baina 30 argazki soilik deskargatuko dira liburutegian. Gaiei dagokionez, lau gai jorratuko dira eta irteeran ezagutaraziko zaizkie parte hartzaileei.

Rallya 13:00etan bukatuko da, eta liburutegian deskargatuko dira partaide bakoitzaren 30 argazkiak, 14:00ak arte. Aurkeztu beharreko bilduma 8 argazkik osatuko dute, bi argazki gai bakoitzetik. Abenduaren 15a baino lehen, argazkilari bakoitzak mezu bat bidaliko du kultura@altzo.eus helbidera, eta bertan kontroleko argazkiak eta aukeratutako 8 argazkien zenbakiak zehaztuko ditu.

Argazki guztiekin emanaldia eskainiko da udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Bestalde, argazki sarituak Altzoko Kultur Batzordearen esku geratuko dira eta egokia irudituz gero, erabiltzeko eskubidea izango du egilearen izena aipatuz.

Azoka, beste berritasuna

Olentzerotan Jakinminez kultur egitasmoa igandean hasiko da eta beste lau egunetan ekitaldiak izango dira, zehazki abenduaren 11, 15, 16 eta 17an. Hain justu, aurtengo beste berritasunetako bat hilaren 11n izango da: Azoka Eguna. Herritarrek ekoiztutako produktuak eta gonbidatuek ekarritakoak ikusi eta erosteko aukera izango da. Azoka goizez izango da, 10:00etatik 14:00etara; plazan ateri bada, eta frontoian euria eginez gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!