«'Anbune' kanaleko ikustaldiek erakusten dute beharra zegoela»

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 19a, 09:00
Altzoko udaletxeko goiko solairuan, lehen liburutegia zegoen lekuan, hamar urte inguruz proiektu bat eraman zuen aurrera Antton Iztuetak: Herriarteko Euskara Hutsezko Udal Bideoteka Zerbitzua. Bere bidea egin zuen proiektu horrek modu analogikoan, eta orain, bideo haietako zenbaitetatik abiatuta Anbune izeneko kanala sortu du Iztuetak Youtuben.


Nola sortu zen bideoteka zerbitzua martxan jartzeko ideia?


Irakaskuntzan nenbilen Goierri aldean. Sei hilabeterako liberatu ninduten ikus-entzunezko arloa lantzeko, hau da, bideoak eta irratia. Orduan hasi nintzen zenbait programa grabatzen telebistatik ikasleentzako. Eta handik bururatu zitzaidan, eskolan hori eginez gero, zergatik ez egin kultur etxe batean edo udaleko areto batean. Hortik tiraka hasi eta proiektua landu nuen, eta hasi nintzen Tolosaldeko udaletan azaltzen. Euskara hutsezko bideoteka bat sortzea zen asmoa. Herri askotan eraikin berriak egiten ari ziren, kultur etxe bezala erabiltzeko, eta barrua hornitzen ari ziren telebista eta bideo gailuekin. Orduan VHS zen formatua, eta horietan sartzeko euskarazko materiala apenas zegoen. Altzoko Udalak areto huts bat utzi zidan udaletxeko ganbaran proiektua martxan jartzeko. Hutsa zegoen eta zerotik hasi behar zen. Hamabost bat udalek jarri zuten dirua, bakoitzak bere biztanleen arabera.

Zer bideo mota bildu zenituen proiektuan?

Gailu eta telebistaz hornitu behar izan zen lekua, eta ETBko programazioari begira ia erabat hasi nintzen grabatzen. Sei bat atal hartu nituen kontuan: pelikulak, dokumentalak, bertsolaritza, marrazki bizidunak, eta bestelakoak. 1989an hasi nintzen eta urtebetez egon nintzen Altzoko Udalak finantzatuta. Gero proiektua 1990ean martxan jarri zen eta hamar bat urte egon nintzen. Nire lan profesionaletik aparte, arratsaldetan eta asteburuetan gelan sartu eta grabaketak egin, katalogoak egin, etiketak jarri... Ez dakit zenbat egongo diren zehazki, baina 500 edo 600 bideo izango dira.

Gero ordenagailuaren garaia iritsi zen eta horrek jan zion VHSri lekua. Pixkana uzten joan nintzen. Ordurako pixka bat ere nekatuta nengoen, noski.

Material gehiena ETBtik lortzen zenuen?

Eusko Jaurlaritzak komertzializatutako euskarazko bideoak erosten ziren, baina ez ziren asko. Hemen dagoen material gehiena ETBtik grabatua da. Esango genuke kopia piratak egitea izan zela, baina garai hartan ez zegoen ezer kultur etxeetara eramateko. Behin materiala pilatzen hasi zenean, udaletako ordezkariak bideoak eramaten hasi ziren euren herrietara emanaldiak egiteko. Horixe zen azkenean helburua: materiala hartu eta beste herrietara eramatea.

Estudio txiki bat dago oraindik, grabaketak-eta egiteko udaletxean.

Ez naiz oso aditua gai hauetan; esperientziarekin ikasi egiten duzu. Muntaiak egiteko gailuak badaude, orain zaharkituak geratu direnak, eta horiekin funtzionatzen genuen. Ez genuen besterik, eta dena analogikoan egiten genuen.

Bilduma hori hor dago, VHS formatuan, eta digitalizazioarekin beste pauso bat ematea pentsatu zenuen.

Orain bi urte edo, erretiroa hartu nuen, eta ikusita material hau guztia hemen zegoela, buruari buelta batzuk eman nizkion. Ez nuen sartu nahi berriz beste hamar urteko lan batean, baina beti gustatu izan zait irudia eta bideoa. Eta bururatu zitzaidan zenbait gauza digitalizatzen hasi nintekeela. Kantaldiekin hasi nintzen: kontzertu osoak zeuden grabatuta VHSean. Kontzertuak kantuz kantu banatu nituen eta hortik etorri zen Youtuben kanal bat sortu eta horra igotzearen ideia.

Hasiera batean pentsatu nuen material hau guztia erakunderen bati ematea, Berria-ri adibidez. Baina ETBtik grabatuta izanik, ez zitzaien egokia iruditzen materiala erabiltzea. Orduan pentsatu nuen neronek egitea, eta Anbune izeneko kanala sortu nuen Youtuben. Urtebete pasa sortu nuen eta dagoeneko 300 bideotik gora igota ditut. Pixka bat harrituta nago nolako harrera izan duen ikusita, ez baitut erabili sare sozialik hau zabaltzeko, WhatsApp-a bakarrik. Tarte honetan 230.000 ikustaldi inguru izan dituzte bideoek. Niretzako horrek adierazten du beharra bazegoela, edo behintzat nire aldetik zerbitzu interesgarri bat ematen ari naizela.

Bilduta dagoen material guztia digitalizatzea da asmoa?

Ez, hori ez da asmoa, bestela beste hamar urte pasako nituen honekin. Abestiei dagokionez, bildutako material guztia digitalizatuta dago eta erdia baino gehiago Youtubera igota dago. Beraz, oraindik beste material dezente dago igotzeko. Eta hori igotzen joango naiz poliki-poliki.

Beste atalik jorratu duzu?

Pentsatu nuen abesti hauekin batera beste gai batzuk ere digitalizatzea. Horrela, herri kirolekin hasi naiz, batez ere aizkora eta harri-jasotzea. Horiek ere joango naiz igotzen Youtubera. Egun egiten diren apustuak-eta, ez denak noski, zuzenean grabatu ditut eta horiek ere igotzen ari naiz. Eta ikusten da kantuen aldamenean harrera badutela. Euskal Herria txikia da, ez dakit zenbat milaka euskaldun ibiliko diren Interneten, baina ikustaldiak izugarriak dira eta astero igotzen doaz.

Bestalde, bertsolaririk gabeko bertso-bazkari eta afariak dinamizatzen ibili izan naiz hainbat urtetan. Ikus-entzunezko bat jartzen zen eta jendeak pantailan ikusten ziren letrekin eta irudiei jarraituz kantatzen zuen. Pentsatu dut material hori guztia bideo bihurtu eta Youtuben jartzea, nahi duenarentzat eskuragarri.

Zuk sortutako bideoak ere igotzen ari zara kanalera.

Begi ninietan atximurka izeneko atala sortu dut. Irteerak egiten ditugu lagunartean, eta tarteka grabatu egiten ditut gizakiak edo naturak egindakoak. Horietako bat da zubiekin egindako bideoa. Atal honetan nire helburua da idazle baten konplizitatea bilatzea. Beraz, nik egindako bideo horiek eskaini nahi dizkiot idazle ez hain ezagunei. Gogoeta bat egin dezan eta testu motz bat idatzi eta gero elkarrekin grabatu dezagun hori. Zubien ingurukoa Kike Amonarrizekin osatu dut. Berak jarri du testua eta ahotsa ere bai. Nire asmoa bideo horiek institutuei eskaintzea da, euren eskola material bezala edota idazmena lantzen dutenean erabiltzeko.

Bai analogikoan aritu zinenean, eta orain digitalera eta Internetera pausoa egiterakoan, material guztia euskaraz da.

Bai, material dena euskaraz dago. Gaur egungo aurrerapen teknologikoek ere ematen dute aukera horrelako gauzak egin eta elkarbanatzeko. Nire asmoa ez da dirurik irabaztea, baizik material hau jendearen esku jartzea. Garai bateko gure kultura eta historiaren espresio garrantzitsuak izan diren kantagintza eta bertsolaritza, adibidez, jendearen esku ipintzea eta gozatzea.

Gustura zaude, beraz, Youtubeko 'Anbune' kanalak hartu duen bidearekin.

Poza ematen dit, eta harrotasun puntu bat ere bai. Jendeak gustura hartu du, beharra du, eta ikustaldien kopurua igotzen doala da horren erakusle. Bere garaian egindako lanak balio izan zuen, eta gaur egungo garai digitalean erabilera gehiago izaten ari da. Baditut buruan egitasmo gehiago, eta denborarekin eta ondo bagaude, egingo ditugu. Geldirik egoteko asmorik ez dut, behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!