Otsabiope gaztetxea jarri dute martxan

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 27a, 13:00

Gazteak herrian elkartu, ekimenak antolatu eta gazte mugimendua aktibatzeko sortu dute Altzon gaztetxea. Hainbat egitasmo antolatu dituzte dagoeneko eta herritarren artean gazteen ekimenak «ilusioa» sortu duela diote.

Herrian ikusten genuen gazte dezente zeudela, eta bazegoela lanerako gogoa, baina ez zegoela toki bat edo talde bat jendea martxan jartzeko». Ideia horretatik abiatuta, Otsabiope gaztetxea jarri dute martxan Altzoko gazteek. «Hiru-lau gazte badaude herrian Ernai erakundeko kideak direnak, eta hortik atera zen ideia: gazteak herrian elkartu, ekimenak antolatu, herriari bizi pixka bat emateko eta gazteak bertan parte hartzeko, eta gazte mugimendua pixka bat aktibatzeko».

Udalera joan ziren eta segituan baiezkoa eman eta lokal bat utzi zieten gaztetxea sortzeko. «Uste dugu herriari asko eman diezaiokegula, gazteek ematen baitiote bizia herri bati», azaldu dute Otsabiopeko kideek, eta gaineratu: «Horrelako herri txikietan ongi etorriak izaten dira ekimen hauek».

Herrian ekimenak antolatzen direnean eta ikusten denean gazte jende dezente agertzen direla, «jendeari ilusioa egiten dio», azaldu dute. Gaztetxea sortzeak ere ekarri du herriko gazteak elkarrekin gehiago egotea eta elkar gehiago ezagutzea ere. «Horrek guri ere on egin digu», zehaztu dute. «Lehenagotik ere lagunak ginen, eta Altzon kalera ateratzen bazara, beti norbaitekin egongo zara. Gaztetxean, lana ere egin behar denez, eta elkarlana ere beharrezkoa denez, elkarren arteko konfiantza gehiago izatea ondo etortzen zaigu».

Ez dago inolako adinik zehaztuta gaztetxeko kide izateko. Gaur egun 16 eta 21 urte arteko gazte asko daude herrian, 30 inguru eta horietako asko elkartzen dira gaztetxean. Asteko bilera igandetan dute, kanpoan ikasten ari diren kideak ere badaudelako, eta horregatik elkartzen dira egun horretan. Aurrera begirako egitasmoak eztabaidatu eta antolatzen dituzte bileretan. Astean zehar ere elkartzeko gune modura erabiltzen dute, eta egitasmoren bat antolatu behar denerako ere.

Otsabiope gaztetxea udalaren lokal batean dago, haurreskolaren pareko lokalean, Elordi elkarteko eraikina eta frontoi zaharraren artean dagoen parketik behera jaitsita. Gune bat dute hainbat sofa eta besaulkirekin, eta beste bat mahai eta aulkien. Herriko haurrekin egun bat antolatzeko asmoa dute gaztetxea apaintzeko, eta muralen bat egitea ere pentsatu dute.

Haurrek ere badituzte herrian bi lokal elkartzeko. Horietako bat txikienak direnentzako, 12 urte artekoentzat, udaletxe azpian, eta bestea, eskolaren azpiko gunean, 12 urtetik aurrerako gaztetxoentzat.

Funtzionamenduari dagokionez, betebeharren zerrenda bat dute: errespetuz jokatzea, txukun mantentzea, birziklatzea, hartzen diren konpromisoak betetzea, elkarlana, eta lan egin nahi duen edonor ongi etorria izango dela. «Gauzak garrantzitsuak iruditzen ziazkigu gaztetxeak ondo funtzionatzeko. Nahiko logikoak dira jarritakoak, baina batzutan ahaztu egiten direnez, paretan jarrita ditugu gogoratzeko».

EGITASMOAK

Hainbat ekimen antolatu dituzte dagoeneko Otsabiopeko kideek: frontenis txapelketa, kultur jardunaldietan ere parte hartu zuten antolatzaile moduan, hileko azken ostiraletako elkarretaratzea ere beraiek antolatzen dute, euskararen eguneko ekitaldietako bat... «Frontenis txapelketaren balantzea egin berri dugu, eta orokorrean gustura gaude, zenbait kontu hobetu behar badira ere. 33 bikote izan ziren, beraz parte harzte nahiko zabala izan zen eta herritarrak ere animatu ziren ikustera», azaldu dute. «Ekitaldiek jasotako erantzuna ona da orokorrean, eta gustura gaude».

Aurrera begira hainbat ekimen dituzte mahai gainean. Horietako bat da gaztetxeko logoa erabiliz lehiaketa egitea, horri buruz bertsoren bat, idazlan bat, ipuin bat... idatziz. Altzoko herrigunetik aparte dagoen beste frontoian lau t'erdiko txapelketa antolatu nahi dute ere. Eta kirolaz aparte, partxis txapelketa bat ere egin nahi dute. Pelikulak ikusteko aste bat ere antolatzeko asmotan dabiltza.

Udaletik gaztetxearen sorrera ondo jaso dutela diote Otsabiopeko gazteek, eta zenbait ekimen aurrera eramateko laguntza eskatzen diela ere azaldu dute. Orokorrean, herritarrak ere «oso pozik» daudela diote, gaztetxea martxan jarri delako, eta abenduaren 24ean gertatutako anekdota bat kontatu dute horren adibide: «Etxez etxe joan ginen abestera, eta etxe batean gaztetxea sortzeak ilusio egin ziela esan ziguten. Eta beraien poza erakusteko gazta eta etxean egindako irasagarra oparitu ziguten, eta esan ziguten horrela segitzeko. Jendeari ilusioa egiten dio ikustea elkartu egin garela eta lana egiten ari garela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!