Datorren ikasturtean eskola berria eraikitzen hasiko dira Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 30a, 08:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak berriki jakinarazi du 2017-2018 ikasturtean zehar eskola guztiz berri eta edukiera handiagokoa eraikiko duela, gaur egungoa dagoen toki berean.

Urte bukaerarekin batera iritsi zaie albistea alkizarrei eta udalak "pozez" jakinarazi die herritarrei. Erabakia hartu ondoren, orain behin betiko onarpena eman beharko zaio proiektuari eta gero lehiaketa publikoa deitu. Ondoren etorriko dira obraren esleipena eta azkenik eraikuntza. "Aurreikusten dutenaren arabera, lanak 2017ko bukaera aldera edo, litekeena, 2018ko hasieran jarriko lirateke martxan", esan du Alkizako Udalak.

2017-2018 ikasturtea bete betean hartuko dute eraikin berria egiteko obrek. Gaur egungoaren tokian bertan egiteak, "behin behineko egokitzapen batzuk" eskatuko dituela uste du udalak. "Umeek ikasturte hori ahalik eta modu egokienean igaro dezaten eta herritarroi eragozpen ahalik eta gutxien sortu diezagun lortu behar dugu", esan du eta horregatik guztien "laguntza eta babesa" eskatu ditu. "Bihur dezagun ahal den parentesi leunena, behin lanak bukatuta lehengo egoerara itzuliko gara, baina baldintza hobeagoetan".

Eraikin berria, guraso, irakasle eta udalaren artean lortu da. Horrela nabarmendu du Alkizako Udalak publiko egin duen oharrean: "Ez da erraza izan. Herri osoa zoriondu nahi dugu lorpen honengatik, ez baita erraza gurea bezalako herri txiki batean eskola guztiz berri bat eraiki dezaten lortzea". Bereziki hartu dituzte gogoan, aurreko urteetan guraso elkarteko kide izandako herritarrak, eskola klaustroa osatu duten irakasleak eta udal taldeetan egon diren alkate eta zinegotziak, "beraien irmotasun eta kemenagatik" zoriondu ditu udalak.

Ia hamar urteko lana izan da Alkizan eskola berria egin dezaten lortzea. Lana eta "borroka" egin dutela esan dute, "Hezkuntza sailetik jarritako aitzakia eta eragozpen guztiak eta beste batzuen aldetik jasotako ezkortasun eta traba guztiak gainditu ditugu".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!