Artola nagusi izan da Zumaian, 22-13

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 24a, 19:41

Lasok lan handia eta ona egin du, baina ezin izan du Artolak ezarritako erritmoarekin. Jokoan nagusi izan da alegiarra, eskuin golpe bizia erakutsi du, eta defentsan lan bikaina egin du behartu denean.

Txapak urdin aurpegia erakutsi du eta nafarrari egokitu zaio lehen sakea. Halaxe egin du lehen tantoa, saketik: hanketara atera dio Artolari eta honek ezin izan du bote-laisterrean txapa gainean jarri. Hortik aurrera, ordea, ia amaiera arte, erabat nagusitu da alegiarra: bera izan da sakearekin min egiten hasi dena, zuzenean eginez -6 egin ditu saketik- edo erresto zailak egitera behartuz Laso, eta piloteoan gehiago zela erakutsiz. Ideiak argi zituen eta serio aritu da, berriketa gutxirekin,  pilota luze jokatuz, asko baztertuz edo ezkerrez jokatzera derrigortuz aurkaria, gehienetan oso atzetik, eta horrela aurkaria ahitu arte. Lasok lan handia eta ona egiten ari zen, pilota zailasko franko jiratu du, baina ezin zion Artolaren joari eta honek ezarritako erritmoari eutsi. Nagusi zen alegiarra, eta etsi beharrean izan denean sasoiko dagoela erakutsi du, batik bat zabalean harrapatutako pilota nahikoa zailak ezker hormaraino biltzerakoan. Partida aurrera joan hala, gainera,  arik eta biziago ematen zion Artolak pilotari, eta kantxan geroz eta gusturago ari zela igartzen zitzaion. Gauzak honela, tantoak banan banan alegiarraren baldan pilatzen joan dira. 20 eta 5, eta partida amitua zegoela zirudien; zaleak "ahulenaren" alde zeuden eta pozik hartu dute honen seigarrena. Orduan etorri da Lasoren tanto ilara luzeena: zazpi tanto egin dizkio jarraian Artolari, zein baino zein, bi hormakoak, dejadak ... 20 eta 13.  Arriskatzen hasi da, eta atera egiten zitzaizkion. Iñakik ere apur bat lagundu dio ordura arte ez bezala erabaki okerren bat hartuz. Baina denbora kontua zen, hala arriskatuta bakarren bat galtzea tokatu behar zitzaion, eta hala eman dio hogeita batgarrena Iñakiri, bi-hormako zail bat txapa azpira botata. Lasok sotamanoz jira ezinik utzi duenak eman dio hogeita bigarrena.

Partida irabazi du, konpromiso handiko partida, eta minik gabe aritu da. Orain, maiatzaren 1era arte itxaron beharko du alegiarrak, orduan jokatuko baitu Eibarren final-laurdenetako partida Irribarria egungo txapeldunaren aurka.

 

Datuak:

Iñaki Artola: eginak 14, galduak 3

Unai Laso: eginak 10, galduak 8

Partzialak: 7-2, 12-4, 20-5, 20-13 eta 22-13.

 

Partidaren iraupena: 40 minutu eta 30 segundu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!