Txintxarriak Martxan ekimenarekin, adineko pertsonentzat ibilaldiak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 17a, 17:33

Martxoaren 23an izango da lehen irteera eta ekaina bitartean guztira hamabi ibilaldi egingo dira.

Alegiako Udalak eta osasun etxeak elkarlanean, hirugarren adinekoei zuzendutako ibilaldiak biltzen dituen egitasmo bat jarriko dute abian datozen asteetan. Txintxarriak Martxan izena du ekimen horrek eta ekainera bitartean hamabi ibilaldi antolatu dira. Hirugarren adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea dira Txintxarriak Martxanen helburuak eta beste hainbat herritan emaitza onak eman dituen egitasmoa izaki, Alegian ere abian jarriko da.

Ostegunetan 10:30ean plazatik abiatuko dira ibilaldi horiek eta ordubete pasatxo inguruko iraupena izango dute. Alegia inguruan ibilbide ezberdinak egingo dira eta ez dute zailtasun handirik izango. Behin ibilaldia amaituta, parte hartzaileek hamaiketakoa egiteko aukera izango dute elkarrekin.

Ibilaldietan parte hartzen duten pertsonek txartel bana jasoko dute beraien izenarekin eta txartel horretan, parte hartzen duten ibilaldi guztietan zigilu bat jarriko zaie.

Alegiako Udalak herritarrak Txintxarriak Martxan ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu, ohitura osasuntsuen bidez adineko pertsonen aisialdia osatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako eta aldi berean, eskerrak eman nahi dizkie ekimenaren antolaketan parte hartu duten eragileei eta ondoko laguntzaileei: Eizmendi jatetxea, Iskiña, Jubilatuak eta Hilario Berri tabernak, Jubilatuen elkartea, eliza, Nagusilan eta Aralar institutua.

Lehenengo irteera datorren ostegunean izango da, martxoak 23, eta ostegunero ibiliko dira, azkena ekainaren 22an izango delarik. Aste Santua dela eta, apirilaren 13an eta 20an ez da ibilaldirik izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!