Larraitz Mendebaldea proiektuaren finantza diseinua, onartuta

Imanol Garcia Landa 2017ko mar. 14a, 12:55

Udalbaltzak eman dio onarpena otsaileko osoko bilkuran, eta 1,2 milioi euroko aurrekontua du.

Larraitz auzoaren mendebaldea eraberritzeko proiektuak beste pauso bat eman du. Otsaileko osoko bilkuran udalbatzak proiektuaren finantza diseinua onartu zuen. Aurrekontua 1,2 milioi euro ingurukoa da, eta Unai Iraola alkateak azaldu duenez, «asmoa da diru laguntza lerro ezberdinetara proiektua aurkeztea eta ahal den kanpo finantziazio gehiena lortzea». Argi dute udaletik bertako baliabideetatik ere «esfortzu dezente» egin beharko dela. «Udalak baliabide propioak gordeta ditu proiektu honen bolumena ikusita, eta ikusten dugu bideragarria dela, eta ondo bideratuta dugula», gaineratu du Iraolak. Aldundiari bidali zaio proiektua onartzeko eskaera.

Bestalde, beste ildoa da proiektuaren baldintza pleguen onarpena. Martxoaren amaieran egingo den osoko bilkuran pleguak onartzea eta esleipen prozesua martxan jartzea da asmoa.

Eneko Iturbe udal arkitekto teknikoak azaldu duenez, espero dute obren hastapen lanak uda aurretik egitea, eta lanekin buru- belarri uda ondoren jartzea. «Hasiera batean urtebeteko aurreikuspena dugu obrak burutzeko. Obra dezente handia da, ia 12.000 metro karratuko azalera batean lan egingo baita, eta azaleko lanez aparte ere lan handia dago azpiegitura guztiak berritzen», esan du. Obrek bizilagunentzako eragozpenak sortuko dituela gaineratu du. «Pazientzia pixka bat ere beharko da. Etorkizunera begirako ikuspegi batekin, denen artean lortuko dugu zerbait itxurazkoa egitea».

Behin betiko proiektuaren ezaugarrien berri emango zaie aurki herritarrei, auzoan jarriko den panel baten eta udal komunikazio bideen bitartez.

Proiektuarekin aurrera egiteko ideia aurreko legealdian jarri zuten mahai gainean udalean. «Bigarren legealdi honetako inbertsio eta hirigintza proiektu nagusitzat jotzen da, eta gure konpromisoa da aurrera eramatea legealdi honetan», zehaztu du Iraolak.

Prozesu parte hartzaile baten bitartez aukeratu zen proiektua, azken pausoa galdeketa bat izan zelarik. «Aukeratutako proiektuak bideratzen du aparkaleku sistemak bultzatzea», esan du Iturbek. «Proiektuak jorratzen ditu aparkaleku sistema eta bide sistema berrantolatzea, bai oinezkoen eta bai ibilgailuen ibilbideak berrantolatuz. Aparkalekuak erregulatu egingo dira, ez gertatzeko gaur egun bezala, autoek oinezkoen ibilbideak inbaditzen dituztela». 70 aparkaleku inguru izango dira kalean. «Garrantzitsua da eraikinen azpian geratzen diren lokaletarako sarrera bermatu egiten dela proiektuarekin, gaur egun ez bezala», azaldu du Iturbek.

Egitasmoaren lehen helburua  auzo guztian irisgarritasuna bermatzea izan da, oinezkoen bide sistema indartuz. «Egun auzoa deserosoa da ibiltzeko, eta proiektuarekin espaloia eta ibilgailuen bidea plataforma bakar batean osatzean, irisgarritasuna asko hobetuko da», esan du Iturbek. Beste helburua da auzoaren azpiegiturak berrantolatu eta berriztatzea. Horretarako ur sare berri bat jarriko da, ur zikinen eta ur garbien hodiak banatuta prestatuko dira, eta beste azpiegitura guztiak ere berregingo dira. Argiteriari dagokionez, argi puntuak berrantolatuko dira. «Horrek segurtasuna ere bermatuko du etorkizunera begira», dio Iturbek.

Beste inbertsioak
Aurtengo udal aurrekontuak abenduan onartu zituen udalbatzak. «Aurrekontuen barruan ez zen Larraitz mendebaldeko proiektua txertatu, oraindik definitzeko zegoelako proiektu teknikoa eta hortik eratorritako finantziazio beharra. Beraz, kreditu aldaketa baten bitartez bideratuko da hori», esan du Iraolak.  

Gainerako inbertsioak «esku hartze txikiagoak dira, udalak ikusten dituen lehentasunezko beharrak asetzeko», esan du Iraolak. Esaterako, zinema aretoan segurtasuna bermatzeko zenbait egokitzapen egingo dira; onura publikoko mendiaren kudeaketa planak eskatzen dituen beharretara egokitzeko inbertsioak ere egingo dira, eta horrez gain, azpiegitura publikoetan mantenu eta hobetze lanak egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!