'Eskolatik plazara' emanaldia eskainiko dute igandean

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 3a, 15:15
'Eskolatik plazara' emanaldiaren lehenengo saioa Orexan izan zen. IRATI SAIZAR

150 dantzari gazte inguru ariko dira Alegiako Elorri frontoian egingo den saioan, tartean Sutarri dantza taldeko kideak.

Oinkari dantza taldeak prestatutako Eskolatik plazara emanaldia eskainiko dute igandean, 18:00etan hasita, hainbat dantza taldek Alegiako Elorri frontoian. Oinkariko dantzariez gain, Alegiako Sutarri dantza taldekoek eta Asteasu, Larraul, Aduna eta Lizartzako dantzariek eskainiko dute ikuskizuna.

Eneritz Ugartemendia Oinkari dantza taldeko kideak eta Sutarri dantza taldeko irakasleak azaldu duenez, «ikasturte hasieran sortu zen ideia Orexan emanaldi bat ematekoa. Pentsatu genuen gazteak dantzara ateratzeko aukera ona zela eta Alegiakoa bigarren emanaldia izango da. Seguruenez beste hirugarren aukera sortuko da». Oinkari dantza taldeko kideek hainbat herritan ikastaroak ematen dituzte, eta herri horietako dantzariek parte hartzen dute ikuskizunean. «Denok zerbait batera egiteko asmoz sortu zen emanaldia egitearen ideia».

Dantzari gazteek parte hartuko dute. 12 urtetik gorakoek gutxi gorabehera. «Ez dugu nahi ikasturte bukaerako ikuskizunera mugatu. Gazteak dira, dantzan fundamentua dute eta hori erakutsi asmoz sortu da emanaldia», esan du Ugartemendiak.

Aurrekoan Orexan egiterakoan Lizartzakoek protagonismo gehiago izan zuten eta oraingoan Alegiako Sutarri dantza taldekoek izango dute protagonismo pixka bat gehiago. «Saiatzen gara talde bakoitzak pare bat dantza egiten, eta oraingo honetan dantza batzuk taldeak nahastuz egingo dira, adibidez, Alegiako batzuk Asteasukoekin elkartzen. Beraien artean ere harreman pixka bat egin dezaten», esan du Ugartemendiak. «Dantza batzuk ez dira konplikatuak aparte ikasi eta batera egiteko. Talde indar hori sortzea da asmoa». Entseguak talde bakoitza bere aldetik egiten ari da eta egunean bertan batera entsegu orokorra egingo dute.

Guztira 150 dantzari inguru izango dira oholtza gainean eta ordu eta laurden inguru iraungo du emanaldiak. «Dantza tradizionalak eta koreografiak uztartuko ditugu, pixka bat denetik eskainiko dugu», esan du Ugartemendiak. Dantzariak gustura daudela saioa prestatzen dio irakasleak: «Lehen ohituta zeuden ikasturtean zehar bat edo bi egitera, eta orain beste emanaldi hauekin gehiago animatuta daude, motibazio gehiago dute. Urduritasun puntu bat ere badute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!