"Garrantzizko gauza guztiek komunikazioa dute oinarrian"

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 12a, 09:56
Egilea: Oskar Tena.

Galderak erantzutea baino egitea gustatzen zaio, eta elkarrizketak egiteari buruz luze hitz egin dezake Arantxa Iturbek (Alegia, 1964), batetik eskarmentu handia duelako, eta bestetik horri buruz asko hausnartu duelako. Euskadi Irratia-n egiten du lan, Arratsean saioan. Hainbat lan idatzi ditu, horietatik batzuk antzezlanak. Azkenekoa, Koadernoa zuri izenekoa, liburu bihurtu du Elkar argitaletxearekin, eta martxoan aurkeztuko du. ATARIA irratian egin diogu elkarrizketa.

Alegiarra, tolosarra... Nongoa zarela esaten duzu?

Nik beti esaten dut alegiarra naizela. Alegiarra naizelako, ez banintz ez nuke esango. Tolosartua, hori bai, oso umetan. Baina izatez, alegiarra. Beno, alegritarra; Alegia Alegria zen ni han bizi izan nintzen bitartean.

Tolosartua diozunean, badago modu bat tolosarra izateko eta beste bat alegiarra izateko?

Nik uste dut badagoela. Batez ere tolosarra izateko modu bat badagoela. Baina nahiago nuke Tolosatik emititzen den irrati batean horretaz ez hitz egin. Oraindik ere badago modu bat, eta ni hona etorri nintzenean gehiago. Lausotzen ari da pitin bat hori, edo beharbada tolosartu egin naiz.

Ez baduzu esan nahi, zerbait ezkorra delako da?

Ez ezkorra delako, zenbait egia bozgoraz esatea ez delako komenigarria inorentzat ziur aski. Ez da ez ona, ez txarra; tolosarrek badituzte ezaugarri batzuk alegritarrek ez dituztenak, salbuespenak salbuespen. Ziur asko izango dira alegritarrak tolosarrengandik gehiegi gustatzen ez zaizkidan ezaugarriak dituztenak. Hori egia da. Tolosa bai izan da herri bat, niretzat, herri txiki batetik etorritako pertsona batentzat, ateak oso zabalik izan ez dituena. Ni txikia nintzenean behintzat oso markatua zen nor zen tolosarra, zein familiatakoa zen, eta nor ez. Galdetu egiten zizuten gainera. Tolosan bizi nintzela esaten nuenean, zein familiatakoa nintzen galdetzen zidaten. Eta esaten nuen ez nuela familiarik Tolosan.

Eta orduan nola begiratzen zizuten?

Ez dakit zer pentsatuko zuten, beharbada, ume hau zer gauza arraroak esaten hasten den... Ez dakit. Beharbada lausotu da hori denborarekin, baina nik horrela bizi izan dut. Sekula ez naiz tolosarra sentitu; baina ez da ere sentitu beharreko zerbait, ez bainaiz.

Alegiarekin loturarik baduzu?

Ez daukat loturarik. Alegrin jaiotakoa naiz, ama alegritarra da, nire herria da, nire txikitako oroitzapenak dituen herria, eta momentu batetik aurrera Tolosara bizitzera etorri ginen. Tolosarekin ez dut lotura berezirik. Hemen bizi naiz, hemengoa da nire semea, eta hemen egiten ditut erosketak eta hemen hartzen ditut ardo pare bat, libre dudan denboran. Eta lagun asko tolosarrak ditut. Alegrian ez nuen ezer utzi, oroitzapenak besterik ez.

Hiri handi batera joateko tentaldirik?

Bai eta ez. Ziur asko gaztea nintzenean gehiago. Bizi izan nintzen Iruñean urte batzuz, Bilbon ere bai. Ez hiri handiak direlako, baina Alegrirekin alderatuta dezente handiak. Gaztetan izan nuen tentazioa. Gustatzen zait asko hiri handiaren anonimotasuna, gustatzen zait inori esplikaziorik ez eman beharra: nora noan, nondik natorren, non bizi naizen... Baina hiri handiaren jendetzak ez zaizkit gustatzen, momentu honetan batez ere; ez zait etengabeko mugimendu hori gustatzen. Anonimotasunak duen hoztasuna ere ez zait gehiegi gustatzen. Tolosa oso neurri politeko herria da.

Beraz, ezta herri txiki batera ere?

Momentuak izaten dira. Oso bukolikoa eta erromantikoa jartzen naizenean pentsatzen dut Alegri ere handia dela. Ni, nire ordenadorearekin, paisaia zoragarri baten aurrean... Baina uste dut oso errealista naizela, eta alde onak eta txarrak neurtzeko orduan, herri txiki-txikiak baditu bakardadearekin lotutako zenbait ezaugarri ez ninduketenak ziur aski momentu honetan asebeteko.

Nola definituko zenuke zure burua?

Nire burua definitu?

Bai, bi hitzetan gainera [kar, kar, kar].

Arantxa Iturbe, eta Maiz erantsita. Irratilaria naiz bokazioz, eta oso txikitatik. Kazetaria gero eta gutxiago, formazioz hala banaiz ere. Ez zait gustatzen gaur egun kazetaritzak hartuta daukan bidea, batere ez. Kontalaria naiz, kontatzen jartzen naizenean, baina saiatzen naiz entzulea ere izaten, ahalik eta entzule onena izaten. Gustatzen zait entzutea, asko ikasten da entzutetik, parean duzunaz. Ez agian munduaz, bizitzaz, baina parean duzunaz bai. Idaztea gustatzen zait, ordu libreetan. Emakumea naiz. Agian hori lehendabizi? Ez dakit. Euskalduna naiz, hori seguruenik bigarren edo hirugarren. Eta batez ere ez zait nire burua definitzea gustatzen.

Kazetaritza ikastea aukeratu zenuen. Zergatik?

Idazlea izan nahi nuelako. Askotan kontatu dut anekdota bat, oso txikitakoa. Ikastolan esango ziguten ipuin bat idazteko. Idatzi nuen ipuin bat, oso garatua. Eta Tolosako lehiaketa batean lehenengo saria irabazi nuen. Eta han joan nintzen familiarekin ekitaldi batera. Nik oso garbi nuen ipuin batekin sari bat irabazi banuen, idazlea izan behar nuela. Kontatzen dit amak, kazetari batek egun hartan galdetu zidala, ea zer ikasteko asmoa nuen. Nik idazlea izan nahi nuela esan nuen. Eta berak erantzun zidan hori ezin zela ikasi, eta onena izango zela kazetaritza ikastea edo horrelako zerbait. Amak esaten du, harrezkero, galdetzen zidatenean zer ikasi nahi nuen, «kazetaritza edo horrelako zerbait» erantzuten nuela. Eta Iruñera joan nintzen ikastera.

Nafarroako Unibertsitatean ikasi zenuen. Zer dela eta?

Egin nuen eskaera Leioarako eta Bartzelonarako ere. Eta onartu ninduten bietan. Iruñeko aukera izan zen gurasoen agindua. Gurasoak ikasi gabeak biak, inguruan aholku emaile asko eta onak, jende preparatua, ilustratua, asko zekiena, eta denek esan zieten: zuen alaba honek benetan fundamentuzko zerbait egin behar badu, onena Nafarroako Unibertsitatera joatea du. Han ez dute libre utziko. Lotuko dute, asko ikasiko du, profesional ona izango da, asko ordaindu behar da... baina nire gurasoek, pentsatzen dut sakrifizio handiarekin, ordaindu zidaten hango sarrera. Muturtuta joan nintzen; nik Bartzelonako aukera nahi nuen. Iruñera joan nintzen, eta ez naiz inoiz damutu hara joan izanaz. Iruñean ikasi nuen goizetan unibertsitatean era batekoa izaten eta iluntzetan AEKn beste modu batekoa izaten, eta tartean Deiako erredakzioan lan egin nuen, eta Herri Irratian ere. Hamaika lan atera zitzaizkidan, besteak beste, euskaraz ondo idazten zuen jende gehiegirik ez zegoelako; gure ikasturtean esango nuke pare bat ginela. Zorte handia izan nuen alde horretatik. Ikasten eta lanean aldi berean hasi nintzen.

Lehenengo pausoak Iruñean egin zenituen. Nola iritsi zinen Euskadi Irratira?

Dena kateatuta etorri zen. Zorte handia izan nuelako. Lehendabiziko maila edo bigarrena egiten ari nintzela Euskadi Irratia sortu zuten. Pare-parera etorri zitzaidan. Ni ordurako prentsa idatzian ari nintzen lanean, eta uste dut irratia sortu zen uda horretan bertan bidali nuela gutuna esanez ikasten hasita nengoela eta prest nengoela lanerako. Deitu zidaten ordezkotza bat egiteko. Uda horretan ezagutu nuen Jaime Otamendi. Hura artean karrera egiten hasi gabea, baina oso garbi zuen kazetaritza egin behar zuela. Elkar ezagutu, eta ikusi genuen irratiaren martxa. Hasi berri-berria zen, oso jende gutxirekin, familia txiki bat bezala. Eta aurkeztu genion orduko zuzendaria zenari, Joxe Mari Otermini, proiektu bat larunbatetan saio bat egiteko. Eta segituan zabaldu zizkigun ateak gazteentzako saioak egiteko. Niri euskarak ate guztiak zabaldu dizkit. Ziur aski, aukera egin izan behar banu, aukera egingo nuen euskaraz lan egitekoa; baina ez daukat hain garbi parera egokitu ez balitzaizkit, zer bide jarraituko nuen. Gazteleraz moldatzeko ere gai nintzen, eta gai naiz gaur egun ere. Eta horrela, tonto-tonto, hasi larunbatetan, ordezkotzak ere egiten, eta ia karrera amaitzear, Bilbon nengoela, aurkeztu genuen proiektu bat aste osorako egiteko, eta Goizean behin saioarekin hasi ginen. Eta pasa dira 33 urte. Badakit aspaldi izan zela, ahaztu egin zaizkidalako gauzak, baina bestela iruditzen zait herenegun izan zela.

Beraz, zuek proposatu zenuten 'Goizean behin' saioa.

Detaileez ez naiz ondo gogoratzen, baina esango nuke sumatu zigutela lanerako gogo bat, eta oso jende gutxi zen orduan irratian. Orain asko hazi da. Ziur aski, behar zuten une batean iritsi ginen gu. Gogoa jarri genuen, ikaragarria, ilusio bat...

Esan ohi denez, kazetaritzan, egon behar den leku eta unean egon behar zara.

Futbolariak bezala. Badago zorte kontu bat eta badago gogo kontu bat. Egon behar duzu prestatuta eta gauzak egiteko moduan behar zaituzten momentuan. Eta horrela erraz ateratzen dira gauzak. Niri dena parean egokitu zait, egia esan.

Eta gero aprobetxatu ere bai.

Eta eman daukadan guztia. Lan asko eginda eta ilusio asko jarrita.

Irratigintzan aritu zara batez ere, baina prentsa idatzian ere zutabegile aritu zara.

Zutabegintza geroagokoa da, idazle bezala norbaitek erreparatu zioenean nire egiteko moduei. Ez zait inoiz asko gustatu zutabegintza, hala ere. Gustatzen zait idaztea, baina badirudi zutabea egiteko herri honetan bereziki, izan behar duela iritzi bat emateko zerbait buruz. Eta zerbait hori normalean izan behar du edo politikari lotua, edo herri honetan hain garrantzitsuak diren, orduan gatazka, euskara, emakume izatea... Eta beti gustatu izan zait horietatik ihes egitea. Eta zutabeak ere idaztea, jakina iritzia emateko, nigandik, ni ari bainaiz hizketan, eta nik sinatuta, baina gustatzen zait asko lerro arteko zutabeak egitea, gauza pertsonalak egitea. Ez dakit, horretan xahutu ditut indarrak, askotan alfer-alferrik.

Eta zer moduz aldaketa hori, hitz egitetik idaztera? Beharrezkoa da?

Nik bai dut beharrezkoa. Hitz egitea, hala ere, nik idatzita egiten dut. Nik hitz egin behar dudan guztia, nik esateko asmoa dudan guztia idazten dut. Eta idatzitako horren gainean egiten ditut gero hitzezko aldaketak, beharraren arabera. Idaztea uste dut pentsamendua antolatzeko, eta gauzak bi aldiz pentsatzeko oso modu egokia dela. Askotan eztabaidatu izan dut lankideekin, eta askotan esaten dena: ez al den freskoagoa, naturalagoa, inprobisatzea. A, bai, ikaragarri, zuk inprobisatzeko gaitasun berezkoa baduzu, eta sekulako grazia, eta egunero umore bertsuz esnatzen bazara, bai. Ez da nire kasua. Ez gaitasunarena, eta ez umore berez esnatzeko ahalmena, eta uste dut idatziaren gainean gauza landuagoak egiten direla, nahiz eta batzuetan freskotasunetik pitin bat galdu.

Esango nuke irratian inprobisatzen duzula, edo agian hain ondo duzulako aurretik elkarrizketa prestatuta inprobisazioa ematen duela?

Nik uste dut bigarrenetik gehiago dela. Idatzia da oinarria, abiapuntua. Nire kasuan elkarrizketak egiten ditut batez ere. Elkarrizketa... adeitsuak, esan dezagun. Alegia, ez ditut elkarrizketatzen ez politikoak, beti nahi dutena erantzungo dizutenak, ez kirolariak, partida ondo joan da edo gaizki joan da erantzuten dizutenak. Normalean ibiltzen naiz kultura munduko jendearekin, eta zerbait kontatzea espero dudan jendearekin. Nire elkarrizketak pitin bat bideratuak egoten dira nire buruan, beno, gure buruan esan beharko nuke, ez bainaiz ni bakarrik saioan, Nekane Peñagarikano eta biok aritzen gara orain. Elkarrizketa batean jakiten dugu hasieratik gutxi gorabehera nondik nora eraman nahiko genukeen, gure buruan nola entzuten dugun besteak zer erantzungo duen, baina jakina, inprobisaziotik beti dago, zeren parekoak ez du beti erantzuten zuk espero duzuna. Hori da alde polita, beti erantzungo balu espero duzuna, ez luke graziarik izango elkarrizketak egiteak. Eta hor bai izan behar duzu inprobisaziorako ahalmena, entzunez moldatzen joateko zuk prentsatuta edo prestatuta zeneukana. Eta saiatzen gara idatzitako hura ere ahalik eta naturalen irakurtzen. Idatzi ere egin liteke esateko edo irakurtzeko; desberdin idazten dugu helburua bat edo beste baldin bada.

Zenbat elkarrizketa egingo zenituen irratian? Milaka?

Ba... milaka bai. Ez agian milaka pertsonaia, horietako asko errepikatzen joan direlako.

Eta guztiak euskaldunak?

Euskaradunak, bai. Euskaraz esateko gai den jendea, denak.

Euskaraz hitz egiteko gai diren guztiak elkarrizketatu dituzu dagoeneko?

[Kar, kar, kar] Ba, ez. Orain, kultura saioan, ez dakit astero, baina bai oso sarri jende berria dator zorionez.

Beti sortzen dira sortzaileak.

Bai, eta batzuk esaten didate bere amari egin niola elkarrizketa orain hogei urte honengatik eta harengatik. Zorionez jende berria sortuz doa, eta jende guztia ere ez dugu elkarrizketatu, izan delako tartean nahi izan ez duenik ere. Ez asko, baina izaten da, eta errespetu osoz. Eskubide osoa dute.

Aldatu zaizu galderak egiteko, elkarrizketak egiteko modua?

Ikasi egiten da. Nik uste dut helburuak bai lehen eta bai orain berdintsuak izan ditugula. Ofizioa eginez ikasten da; ikasten duzu nora iritsi nahi duzun, hori ere urteek ematen dizuten eskarmentu horrekin. Gero eta argiago dut parekoa ondo entzuteak zer garrantzia duen ikastea, eta hori oso azkar ikasi liteke. Batez ere oso kazetari den jende batek, inpresioa daukat elkarrizketa baino galdeketak prestatzen dituela. Eta agian, elkarrizketa mota batzuetan behar da, baina ni horrek oso deseroso sentiarazten nau. Ikusten badut entzuten ari naizen biren arteko elkarrizketa bat boxeo partida bat dela, deseroso sentiarazten nau. Ni saiatzen naiz parean daukadan horren alderik onena ateratzen. Normalean gure saiora datorren jendea, eta horrek markatzen du, zerbait egin eta hori erakustera datorren jendea da. Eta ni saiatzen naiz bidea errazten ahal den gehien, laguntzen, egin duen hori ahalik eta ondoen erakusten bion artean.

Badago sekreturik, teknikaren bat, elkarrizketak egiteko? Hitz egiten duzu horretaz beste profesionalekin?

Etengabe. Asko gustatzen zaidan gaia da. Hasiko banintz elkarrizketak egiteko moduari buruz hizketan, kapaza izango nintzateke bi orduz aritzeko. Uste dut sekretua dela parean daukazunarekin nolabaiteko elkarlan bat egitea, batez ere entzutea, eta bide hori arintzen saiatzea. Gogorra baita erantzunen bidea. Eta bai da gure marka bat galderak oso ondo pentsatuta eramatea, ez erantzun bakarrerako, zortzi erantzun posibleetarako bidea uztea, lerro arteko galderak egitea, oso zuzenean gauzak galdetu gabe. Horretarako sekreturik garrantzitsuena izaten da parekoa lasaitzen asmatzea. Lasaitu zenezake oso erraz, begiratuz, eta esanez ez naiz zure etsaia, elkarrizketa bat egitera goaz. Kazetaritzan askotan gaur egun oso modan daude parean dagoenari zerbait ateratzea. Ez zait estiloa gustatzen, min egiten dit nonbaiten, eta guri dagokigun elkarrizketa motetan gainera ez du tokirik eta zentzurik ere ez.

Zein indar du elkarrizketa batek?

Badago komunikazioa baino gauza garrantzitsuagorik bizitzan? Beno, izan daitezke, baina garrantzizko gauza guztiek komunikazioa dute oinarrian. Parean pertsona bat izatea zer kontatua daukana, eta batez ere deskubritzea parean daukazun guztiak daukala ze kontatua, eta hori ateratzeko gai zarela... Horrek ni asko asetzen nau. Ikaragarrizko zortea dut. Nire lanbidea da eta asetzen nau.

Txikitan desiratu zenuen idazle izatea, eta hori ere lortu duzu.

Kostatu zitzaidan. Idazle izateko kazetaritza ikaste horrekin, lerratu nintzen erabat kazetaritza mundura, eta asko interesatu zitzaidan, ikasten hasi nintzenetik. Lankideak xaxatuta ipuin batzuk idatzi nituen, eta lehiaketaren bat irabazi nuen. Hortik gero etorri ziren gauza gehiago argitaratzeko aukerak.

Emakumeak dira protagonistak zure lan askotan. Zergatik?

Ez da planteamendu kontziente bat izan inoiz. Kasu batean izan zen kontzientea. Tolosaren urteurrena zenean, enkargu bat egin zidaten. Elkarrizketa asko egin zituzten lekukotzak bilduz, eta pasa zidaten material hori fikziozko ipuin batzuk sortzeko gai izango ote nintzen galdetuz. Emakumeen lekukotzak hartzea erabaki nuen. Beste lanetan ez da izan ezer kontzientea. Niri emakume protagonistak ateratzen zaizkit, eta beti erantzuten dut gauza bera hori galdetzen didatenean: ez diot idazle gizonezko bati normalean galdetzen ea zergatik egiten dituen beti protagonista gizonak. Niri emakumeak ateratzen zaizkit gehienetan eta asko gustatzen zaizkit nire emakumeak.

Ez dago, beraz, emakumeen ahotsa azaleratzeko nahi bat?

Inkontzienteki ziur aski bai. Ez da apropos horretan pentsatuta egindako zerbait. Ez hasieratan behintzat. Orain gehixeago. Oso emakume kontalari gutxi azaldu da plazara, oso emakume gutxi azaldu da plazara edozein ofizioetakoa dela ere. Agian bai egiten dut orain ahalegina protagonistak emakumeak izateko. Era guztietakoak: azkarrak eta ez direnak, hiztunak eta ez direnak, zoriontsuak eta ez direnak, zintzoak eta gaiztoak...

Jendearentzako idazten duzu?

Hori ez dakit zein puntutaraino den. Jakina idazten duzunean uneren batean etortzen zaizula burura egunen batean norbaitek irakurriko duela. Ez beti. Nik idatzi, niretzat idazten dut. Niri gustatzen zaidana, nahi dudan eran. Literatura edo fikzioa idaztea erabat gauza librea da. Ni neure buruarekin. Jakina, ikaragarrizko poza da egunen batean norbaitek esaten badizu zein gustura irakurri duen zuk idatzitakoa. Poz hori kasik alderatu dezakezu idazten ari zaren momentuan sentitu dezakezun satisfazioarekin. Uste dut zure buruaren aurreneko satisfazio hori berez askoz indartsuagoa dela, eta hori dela indarra ematen didana idazteko. Gainera, orain, urteekin, kentzen denbora gehiago pasatzen dut idazten baino. Ez zait kostatzen folioak idaztea, baina grazia duena da hori dena kentzeak, eta hiru folioetan konta zitekeena, folio erdi batean kontatzea. Eta iruditzen zaidanean bukatuta dagoela, hori irakurri eta esatea, zein ondo... Poz hori ez da konparagarria beste pozekin.

Eleberri bihurtuko da Agurtzane Intxaurragarekin batera sortu duzun 'Koadernoa zuri' antzezlana.

Eleberri esatera ez nintzateke ausartuko. Izatez gero, kontakizun luze. Obra berak dituen hitzak dira; antzerkia idazterakoan akotazioak idazten ditugu, zer mugimendu egiten dituzten aktoreek, jarrerak, eta horiek guztiak narrazio bihurtu ditut. Antzezlanean beti markatu behar duzu zein ari den hizketan, eta hemen elkarrizketak dira bere gidoiarekin, pertsonaia zehaztu gabe. Irakurtzeko eta entzuteko kontakizun luze bat da. Obra ikusi duenak beste modu batera irudikatu dezake.

Nola bukatu nahiko zenuke elkarrizketa?

Etorriko naizela berriro esanez. Ez nire bizitza kontatzera. Gonbidatzen baldin banauzue beste zerbait egin dudalako, horrek esan nahiko du ez dudala etsi eta segitzen dudala gauzak egiten, eta kontatzeko gogoa izaten.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!