Kultur ekitaldi andana izango da apirila bitarte

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 2a, 11:54
Xabi Solano Alegiako Elizpe aretoan izango da.

Martxoa 'Hilabete morea' izango da eta egitarau berezia prestatuko da horren harira.

Alegiako Udaleko Kultura Batzordeak negurako prestatu duen kultur egitaraua abian da dagoeneko. Apirilera bitartean luzatuko da egitarau hori eta askotariko ekitaldi ugari izango dira. Musika, dantza, antzerkia, erakusketak, bertsoak… Aipatzekoak dira besteren artean, otsailaren 17an eskainiko den Putinen guardasola antzezlana, Xabi Solanok martxoaren 31n emango duen kontzertua edo martxoaren 5ean Oinkari, Sutarri, Asteasu, Larraul, Aduna eta Lizartzako dantzariek elkarrekin eskainiko duten Eskolatik plazara ikuskizuna.

Egitarauaren berri ematearekin batera, Kultura batzordeak eskerrak eman nahi dizkie Gabonetan antolatu diren ekitaldietan laguntza eman duten herritarrei: «Laguntza hori ezinbestekoa da ekitaldiak antolatu ahal izateko, eta aurrera begira ere herritarren laguntza hori izatea espero dugu».

Hurrengo ekitaldia Santa Ageda bezpera eguna da. Txintxarri abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean bertso taldea kantuan eta bertsotan aterako dira. Edozein herritarrek parte hartu dezake beraiekin. Entsegu irekia gaur da, 21:00etan, kultur etxean.

IZENDAPEN BEREZIA

Kultura Batzordeak martxoa Hilabete morea bezala izendatu du. Urtero, martxoaren 8aren bueltan hainbat ekitaldi egiten dira, eta aurtengoari begira, ekitaldi guztiak izenburu horren inguruan antolatuko dira. Aurrerago emango dute egitarauaren berri.

NEGUKO EGITARAUA

Otsailak 4, larunbata

19:00. Txintxarri Abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean bertso taldea kantari kaleetan zehar Santa Ageda bezperan.

Otsailaren 8tik martxoaren 27ra

16:00-17:00. Haurrentzat dantza tailerra (HH2, HH3 eta HH4 ). Astelehenetan, kultur etxean.

Otsailak 8, asteazkena

17:00. Ipuin Kontaketa liburutegian Deibiz Amezturen eskutik. 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat.

Otsailak 10, ostirala

Gipuzkoako Herri arteko Bertso Txapelketa.

20:30. Zahagiardoa Gaztetxean.

22:30. Bertso saioa. Taldeak: Alegia eta Ataun-Segura.

Otsailak 11, larunbata

11:00. Gure Esku Dago ekitaldia:

Pedalkadaz erabaki. Bizikleta martxa Tolosara, plazan elkartuta.

Otsailak 17, ostirala

22:00. Putinen guardasola antzezlana, Elizpe zinema aretoan.

Otsailak 26, igandea

Inauterietako zahagiardoa.

Martxoak 5, igandea

18:00. Eskolatik plazara dantza ikuskizuna, Oinkari dantza taldearen eskutik. Elorri pilotalekuan egingo da emanaldia. Ondorengo dantza taldeek parte hartuko dute: Oinkari dantza taldea; Oinkari dantza eskola; Sutarri dantza taldea; Asteasu, Larraul eta Adunako dantzariak eta Lizartzako Otsolar dantza taldea.

Martxoak 13, astelehena

Ipuin kontaketa liburutegian, Maider Galarzaren eskutik, 4 eta 7 urte bitarteko umeentzat.

Martxoak 24, ostirala

22:00. Sutarri dantza taldeak ikuskizuna emango du Elizpe zinema aretoan.

Martxoaren 27tik apirilaren 7ra

Nigeriari buruzko erakusketa kultur etxean, San Juan Herri eskolak antolaturik.

Martxoak 31, ostirala

17:00. Dantza tailerreko haurren dantza emanaldia. Kultur etxean izango da saioa.

22:00. Xabi Solanoren kontzertua, Elizpe zinema aretoan.

Apirilak 2, igandea

Alegiako Mendi Asanbladak mendi irteera antolatu du. Murumendira joango dira.

Apirilak 8, larunbata

05:08. Korrika 20 iritsiko da Alegiara Ikaztegietatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!