Berri Txarrak taldearen kontzerturako sarrerak, agortuta

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 26a, 11:20
Berri Txarrak taldea, Bonberenean, iaz. IRENE ARIN

Urte hasiera indartsua izaten ari dira Alegiako Gaztetxean musika kontzertuei dagokionez.

Aurreko ostiralean izan zen Belakoren kontzertuaren oihartzunak oraindik entzuten direla, Alegiako Gaztetxea bete egingo da bihar, 22:30etik aurrera, Berri Txarrak taldearen kontzertuarekin. Izan ere, sarrera guztiak agortuta daude, eta, beraz, giroa ziurtatuta dago. Laurehun pertsona inguru elkartuko dira Lekunberriko musika taldearen emanaldiaz gozatzeko.

«Aspalditik dator Berri Txarrak taldearen kontzertua antolatzearena», azaldu du Alex Goikoetxea gaztetxeko kideak. «Orain dela urte dezente izan ziren Alegian, eta berriro ere taldea hona etortzeko gogoa genuen». Harremanetan jarri ziren orain denbora bat taldekoekin, baina ez zen erraza izaten beraien agendan leku bat topatzea. Azkenean lotu ahal izan zuten orain gutxi bilera egitea taldeko managerrarekin eta azkenean lotu ahal izan zituzten data eta baldintzak. «Gustura gaude, azkenean lortu dugulako taldea Alegiara ekartzea», azaldu du Goikoetxeak.

Gaztetxetik espero zuten sarrerak agortzea, beraz, salgai jarri aurretik, zerrenda bat osatu zuten herrian, «herritarrak sarrerarik gabe ez geratzeko». Soberan geratu ziren sarrerak, ehun inguru, Iskiña tabernan jarri zituzten salgai eta ordu erdi inguruan bukatu ziren.

Urte hasiera indartsua izaten ari dira Alegiako Gaztetxean musikari dagokionez. Urteurreneko ekitaldi sortari Def Con Dos eta Aski Da taldeen kontzertuarekin eman zitzaion amaiera, eta aurreko ostiralean Belako taldearen emanaldia izan zuten. Gainera, Beerlako garagardoa egin zuten gaztetxeko zenbait kidek Lupulu.com eta Belakorekin batera. «Abenduan, urteurreneko ekitaldietan murgilduta geundela, Belakoren kontzertua egiteko aukera sortu zen. Taldeak sona handia du, eta oso emanaldi ona izan zen», esan du Goikoetxeak. «Kezka pixka bat bagenuen, emanaldia arratsalde parten hasten baitzen, ohikoa ez zen ordutegi batean, baina jende asko etorri zen eta oso gustura gaude horregatik ere. Beerlako garagardoak ere arrakasta handia izan zuen, botila guztiak agortu baitziren».

Behin Berri Txarrak taldearen kontzertua pasa ondoren, gaztetxean zenbait txukunketa lan egin nahi dituzte. «Gaztetxeak egunero eskatzen du lana», esan du Goikoetxeak. «Urteurreneko ekitaldiek-eta lan dezente suposatu dute, eta gaztetxeak berak ere gauzak ondo jartzeko premia badu une honetan. Obra txiki batzuk egin behar ditugu, eta gero jarraituko dugu ekitaldiak antolatzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!