«Pilota enpresen helburu bakarra ekonomikoki irabaziak jasotzea da»

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 25a, 10:47
Patxi Jauregi, Alegiako Elorri pilotalekuan.
Euskadiko Pilota Federazioko hauteskundeak ez direla legezkoak izan dio Patxi Jauregi alegiarrak. Bera zen lehendakaria hauteskundeen aurretik, eta hautagaietako bat.

Urtarrilaren 13an egin ziren Euskadiko Pilota Federazioko lehendakari izateko hauteskundeak. Patxi Jauregi alegiarra zen ordura arte lehendakari, eta baita hautagaietako bat. Beste hautagaia Gotzon Enbil zumaiarra zen. Enbilek 80 boto jaso zituen eta Jauregik 70.

Espero zenuen hauteskundeetan horrelako emaitza lortzea?

Susmoa banuen, ikusita zenbait herritako mugimenduak, eta zenbait elkarteetatik izandako deiak. Presio handiak zeuden tarteko, eta aurreikusi nuen jendearen bozketa nolabait moztuta edo alderantzizko bidea hartu zezakeela.

Ze presio jaso zituzten bada?

Hainbatek esan didate zenbait udaletatik herriko pilota elkarteek deia jaso zituztela zeini komeni zen bozka ematea esanez. Kontuan hartu behar dugu elkarte gehienak udaletako diru laguntzetatik bizi direla, beraz, logikoa izan daiteke botoaren zentzua aldatu izana.

Arazo bat izan zen Arabako ordezkarien parte hartzearekin. Guztia konponduta?

Euskadiko Federazioak Arabako partaidetza erabaki aurretik, Enbilek inongo zentzurik ez zuen helegite bat sartu zuen. Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariaren interbentzioa izan zen hauteskunde prozesuan; hiru hautetsontzi jarri ziren, herrialde bakoitzetik bana, emaitzen arabera inpugnazioa jartzeko eta Arabakoak kanpo uzteko Enbil galtzaile atera izan balitz. Hori oso joko zikina eta itsusia iruditu zitzaigun, eta egun ere berdin pentsatzen dugu jende askok.

Zer bi ikuspegi aurkezten zenituzten hautagaiek?

Azken hilabete eta pasatxo honetan esan dut argi eta garbi beste hautagaitza nondik zetorren. Nola aurkeztu zen hautagaia izateko azken egunean, eta nola Eskuzko Pilota Enpresen Ligako arduradun eta epaile bakarrarekin lagunduta aurkeztu zen. Susmagarria egin zitzaidan oso. Gero ikusita Egigurendarren enpresarekin egiten duela lan, eta horiek zesta punta enpresa profesionala dutela, eta bertan ere Enbilek jokatzen duela udan partiduko kobratuz. Dena lotzen duzu eta ikusten duzu enpresen interesak atzetik daudela. Kontuan hartuta gainera, martxoa aldera aurreikusten genuela eskuzko pilotako enpresekin elkartzea, eta mahaian hitzarmen bat jarri eta hori negoziatzea. Enpresek badakite Patxi Jauregi mahai horretan badago klub edo elkarteen eskubideak eta beraien lana defendatuko dituela eta hor presioa egingo duela. Lehendakari berriarekin bidea oso libre dute gauza hauek gainditzeko.

Eginkizunik izango duzu orain federazioan?

Ez dut izango. Pilota munduan modu batera edo bestera sartuta ibiliko naiz, betidanik gustatu zaidalako, eta oso barrenetik sentitu eta bizi dudalako. Egunotan esaten ari naizen moduan, gure legitimitatea eskatzen dugu eta prozesu elektorala gure iritziz legez kanpo izan dela esaten dugu. Hori argitzen saiatuko gara, baina nik ez dut nahi hauteskundeak errepikatzea. Epaitegiek errepikatzea aginduko balute, ni ziur ez nintzela aurkeztuko. Eta haratago joanda, esango nuke beste hautagai batzuk aurkezten badira ere, ez nintzela talde horien parte izango.

Zer egin da legez kanpo hauteskundeetan?

Guk hiru puntu jarri ditugu helegiteetan. Batetik, hiru kutxa jartzea oso barregarria eta negargarria iruditzen zaigu: boto sekretuaren zentzua eta esanahia erabat apurtzen da. Bestetik, data aldaketa: federazioaren egoitza ez da egokia hainbeste jendearentzako, ikusi zenez eta interbentoreak esan zuen bezala; ez genuen lortu urtarrilaren 13rako lekurik eta orduan 14rako Durangoko hotel batean jarri genuen data, jendeak lasai eta askatasun osoz botoa eman zezan, eta sekretuko botoaren alor hori mantentzeko. Hirugarren puntua da, hauteskundeetarako ez ohiko batzar nagusia deitu eta batzarkideak batzarra bukatu baino lehen gelatik bidali izana, boto kontaketa interbentoreak eta notarioak egiteko; hori legez kanpo dago.

Beraz, hauteskundeak bertan behera geratu daitezke?

Egun ofiziala da Enbil dela lehendakaria. Horrek ez du esan nahi ezin denik iritsi hauteskundeak berriro errepikatzeko agindua.

Zer balantze egiten duzu lehendakari izan zaren epeaz?

Kontuan izanik hiru urte pasatxo izan direla, hauteskundeak beranduago egin zirelako, eta zenbait jende eta erakundeetatik traba eta oztopo asko jaso ditugula, gauza asko egitea lortu dugu. Adibidez, Iparraldea Gravni txapelketan jolasten ari da, hirugarren urtez. Bestalde, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bidean Nazioarteko Konfederazioan sartzea lortu genuen, eta aurten lehenengo aldiz historian euskal selekzioa ofiziala izan daiteke Kolonbian jokatuko diren joko zuzeneko munduko txapelketetan. Horrez gain, Herri Arteko Txapelketan bai palaz, zestaz eta eskuz, Euskal Herri mailan lortu dugu egutegian sartzea. Ner Group-ekin lortu den akordioa oso garrantzitsua da ere, hiru urtekoa eta 400.000 eurokoa esku pilotaren oinarriarentzako. Azkenik, 2015ean Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin genuen diru laguntza batzuk salatzeko eta pilotaren egoera azaltzeko, eta horren arabera plan estrategiko bat martxan jartzea lortu da; orain zirriborroa onartuta dago eta hilabete gutxira jarriko da martxan. Xistera proiektua ere aurrera ateratzea lortu dugu, lehenengo aldiz zesta puntako elkarte guztiak elkartuz elkargo batean.

Ze traba izan dituzue eta zeinek jarri dizkizue?

Oso egoera ekonomiko xelebrean aurkitu genuen federazioa, defizit garrantzitsu batekin. Gero, urtero-urtero, Munduko Pilota Batzarrak 10.000 euroko elkarlanerako laguntza ematen zion federazioari, eta gu sartu ginenean moztu egin zuten, boikot modura esango nuke nik. Kirol zuzendaritzatik ez dugu izan laguntza handirik egoera hori ikusita, ez ekonomikoki behintzat. Garbi ikusi dugu zenbait jende eta erakunderi ez zitzaiola interesatzen gure kudeaketa ona izatea.

Zerbait gelditu zaizu egiteke?

Gure taldea aurkeztu bada berriro hauteskundeetara, bere garaian agindu genuen gai batzuk ez direlako gauzatu izan da. Adibidez, Xistera moduko proiektu bat sortzea palarekin. Bestalde, eskuzko proiektu handi bat, bere zirkuituarekin, erakartzeko ekintzekin. Horiek geratu zaizkigu, eta horregatik aurkeztu ginen, baina ezinezkoa izan da eta pena ematen dit. Gustatzen zait agindutakoa betetzea.

Zerekin geratu zara batez ere gustura?

Gehiena betetzen didana da ibilbide horretan, lehen Gipuzkoako Federazioko lehendakari moduan eta orain Euskadikoaren lehendakari moduan, ezagutu dudan jendea, pilota benetan barrutik sentitzen duena, pilotaren alde musu truk aritzeko prest dagoena. Egun hauetan izugarria izan da eman didaten babesa eta animoak.

Gaur egun nola ikusten duzu pilotaren mundua?

Pena ematen dit. Nik izugarri baloratzen dut, eta sarritan esaten dut agerraldietan, urte askotan elkarteek egin eta egiten duten lana eta bertan dauden pertsonek egin eta egiten duten lana musu truk. Eta nire kezka da pertsona horiek bere lana uzten duten heinean, ziur nago zenbait elkarte desagertuko direla. Gaur egun zoritxarrez garai bateko filosofia hori gero eta gutxiago dago; eta musu truk lanean hamarkadak daramatzaten jende horrek izugarrizko meritua du niretzat, eta ni beti saiatu naiz lan hori defendatzen. Zoritxarrez gazte guztiek enpresetan jartzen dute begirada, baina enpresen helburu bakarra ekonomikoki irabaziak jasotzea da, eta ez dute euro bat ere inbertitzen oinarrizko pilotan. Lan guztia eginda harrapatzen dute bere eskuetara, eta egia esan tristea eta lotsagarria da beraien jarrera, egunero lan egiten duten jende eta elkarte horien aurrean. Salatu beharreko egoera bat da.

Zein dira aurrera begira pilotak dituen erronkak?

Batez ere beste kirol indartsuei aurre egitea. Oso zaila da hori, futbola, saskibaloia eta eskubaloia taldeko kirolak dira eta pilota indibiduala, eta hor gabezi handi bat dugu. Bestalde, beste kirol horiek dituzten difusioa pilotak ez dauka prentsan. Aldapa goran gabiltza indarra egiten, eta pentsatzen dut gozagarriak edota beste irtenbide batzuk bilatu behar direla, gaztetxoek-eta ilusioa izan dezaten. Adibidez, Xistera proiektuarekin gertatu den bezala, erakartzeko lanak eta klubei laguntzak aparte, zirkuitu indartsu bat sortu da. Aurreneko urtea izan da hori martxan jarri dela. Gaztetxoak ikusi dira oso ilusionatuta, badute plataforma bat urte guztian zehar jolasten ibiltzeko elkarren kontra, bikote ezberdinak ezagutzeko. Horrelako zerbait topatu behar da pilotarentzat orokorrean, bai eskuz, bai palaz, eta abar.

Egun esku pilotak du protagonismoa. Beste jokamoldeak nola daude?

Pala eta xistera oso egoera larrian daude. Xistera proiektuarekin orain indar handia emango zaio zesta puntari. Baina eskua bera ere ez dago finaletan eta finalaurrekoetan ikusten dugun frontoi betekada horien egoeran, hori ez da pilotaren errealitatea. Egunerokoa ikusi behar da eta horren adibidea da enpresek gaur egun eta aspaldiko urteetan, txapelketetan oinarritzen dutela urtea erabat. Eta hori seinale nahiko kaxkarra da. Gure garaian alderantziz izaten zen. Astero pilota jaialdi normalak izaten ziren, eta txapelketetako egutegia oso murriztua izaten zen. Aldaketa hori egin da enpresek onura ekonomikoa besterik ez dutelako bilatzen. Gaur egun binakako txapelketa lau hilabetekoa da, garai batean hilabete eta erdian bukatzen zenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!