Aski Da eta Def Con Dos taldeak, urtemugari amaiera emateko

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 11a, 12:34
Def Con Dos musika taldeko kideak.

Alegiako Gaztetxeak azaroaren 18an ekin zion urtemuga ospatzeari hainbat ekitaldirekin; larunbat gauean emango diote bukaera bi musika talderen kontzertuekin.

Alegiako Gaztetxearen urtemugaren ekitaldiei amaiera emango diote asteburu honetan, batez ere Def Con Dos eta Aski Da taldeen kontzertuekin. «Orain arteko dena ondo joan dela esan daiteke, eta gogoz gaude bukaera on bat emateko ekitaldi sortari», azaldu du Alex Goikoetxea gaztetxeko kideak.

Azken ekitaldiei begiratuz gero, poker txapelketa egingo dute etzi, ostiralean, 22:00etan hasita. Nahi duten guztiek parte hartu dezakete eta gaztetxetik animatu dute bertara joatera. Asteburuko ekitaldi nagusia larunbateko kontzertuak izango dira, 22:30ean hasiko direnak. Bi talde izango dira: Aski Da eta Def Con Dos. Sarrera hamar euro izango da eta dagoeneko aurretik erosi daitezke, Iskiña eta Hilario tabernetan. «Egunean bertan ere erosi ahalko dira gaztetxean bertan», esan du Goikoetxeak. «Horrelako taldeak herrira etorrita, nik uste dut merezi duela larunbatean kontzertuetara joatea».

Azaroaren 18an hasi ziren urteurren ekitaldiekin eta hainbat jarduera egin dituzte hilabete eta erdi honetan. «Balantze oso positiboa egin dezakegu. Musika izan da Alegiako Gaztetxeari izen bat eman izan diona, eta hainbat kontzertu izan dira tarte honetan, baina, bestalde, hitzaldi eta dokumental ugari izan ditugu, eta oso interesgarriak», esan du Goikoetxeak. «Aurrera begira ere erakutsi digu zertan hobetu. Adibidez, antolatzerakoan jende gehiagok parte hartzea, eta jende berri gehiago izatea ere». Aurten ere Gazte Eguna antolatu nahi dute eta horretarako ere neska-mutil gazte berriek parte hartzea nahi dute Alegiako Gaztetxekoek.

Aski Da musika taldeko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!