«Bigarren itzuliko lehen bi partidak joango zaizkidala uste dut»

Asier Imaz 2016ko abe. 28a, 11:31

Abenduaren 13an, Urretxun, sorbaldan min hartu zuen Iñaki Artolak (Alegia, 1994). Geroztik,  txapelketa harmailetatik jarraitu du alegiarrak, eta otsailaren bigarren astera bitarte, horrela segi beharko du. Oraindik, besoa zintzilikarioarekin dauka.

Zer moduz dago besoa?
Ondo. Egunetik egunera hobeto. Gainera, ondo doala esaten dute. Oraindik lotuta darabilkit. Kasik ezer egiterik ez daukat, baina, geldi dagoenean behintzat ez dut min handirik izaten, eta hori ez da gutxi.


Zehazki non hartu zenuen min?
Ezkerreko sorbaldan, klabikula edo lepauztaia eta humeroa elkartzen diren tokian. Horiek biak elkartzen dituen lotailuak dauzkat minduta.


Oraindik, beraz, ez duzu mugimendurik egiten.
Mugimendu pasiboak bakarrik. Medikuak berak mugitzen dit besoa, eta ondo doala esaten du. Bestela, bizikleta estatikoa eta etxean eskuak hormaren aurka suabe-suabe lantzen ditut pixka bat. Aurreko lesioa ukondoan zen, eta gutxienez banuen korri egiterik. Fisikoa egiten jarraitu nuen orduan. Uste dut horregatik itzuli nintzela nahiko ondo. Oraingoa desberdina da, geldi-geldi egon beharra daukadalako.


Min hartu zenuen une hura.
Urretxun partida jokatzen ari ginela izan zen. 11-10 gindoazen. Elezkanok txokora bota zuen, eta ni pilota altxatzera joan nintzen. Askotan bezala sorbaldarekin pareta jo nuen, baina besteetan baina indartsuago jo nuen: ero-ero joan nintzen. Kolpe dezentekoa hartu nuen, eta lesioa hortik etorri da. Paretaren kontra hartu nuen kolpetik.


Ezer hautsi ez zenean.
Kolpearekin lepauztaia bere lekutik mugitu zen, baina zortea izan nuen, eta gero bere tokira itzuli zen. Baina desplazamendu horretan, bere inguru guztia behartu zuen. Azkenean, bigarren graduko bihurritu bat da. Lau gradu izaten direla uste dut, eta hirugarrengoa izango balitz, ebakuntza egin beharra izango nuen.

Bere txarrean, gustura egoteko moduan.
Momentuan genituen pronostikoak kontuan hartuta, azkenean albiste onak jaso ditugu eta nahiko gustura nago. Mina ere momentuan nabaritu nuen. Klabikula edo ligamendu haustura izango zela uste genuen. Baina lepauztaia ondo dago, eta lotailuak ere ez daude erabat etenda. Horrek esan nahi du ebakuntzarik gabe jarriko dela, eta hori, bere txarrean ondo dago.


Partida bertan behera uzteko adina min izan zenuen.
Beste aukerarik ez zegoen. Besoa zentimetro bat ere ez nuela mugitzen geratu nintzen. Kolpea hartu bezala konturatu nintzen ezingo nuela segitu: krakateko bat antzeman nuen.


6-8 asteko atsedena esan zuten medikuek hasieran. Bigarren astean zaude. Pronostikoek bere horretan jarraitzen al dute?
Bai, zenbaki horiekin jarraitzen dute. Gainera, kuriosoa da: aurreko lesioarekin Mikel Sanchez medikuak bete-betean asmatu zuen. Hiru hilabetera ondo samar jokatzeko moduan jarriko nintzela esan zuen, eta baita asmatu ere. Orain ere berarekin nago, eta bere pronostikoa hori dela kontuan hartuta, 6-8 aste beharko ditudalakoan nago.


Itzulera, urtarrila bukaera otsaila hasieran.
Urtarrila osoa joango dela uste dut.


Otsaileko lehen partida, Altuna III-Barriolaren aurka daukazue.
Lehen itzuliko partidaren aurretik, pilota aukeraketan, Abel Barriolarekin hitz egiten aritu nintzen. Txikitatik beti izan naiz Barriola zalea, eta gure artean hizketan, elkarren aurka partidarik jokatu gabe ez genuela geratu behar esaten zidan. Orduan eskuetako arazoekin zegoen, eta gutxienez, bigarren itzuliko partidan jokatuko genuela zioen. Eta orain zer, eta begira nola nagoen.


Bigarren itzuliko bigarren partida da hori. Zaila izango da hor egotea, ezta?
Bai. Egia esan, medikuarekin hitz egin eta gero, bigarren itzuliko lehen bi partidak utzi beharko genituela esaten zuen. Gero, oraindik bost geldituko lirateke.


Lasai. Nahiz eta orain azken postuan egon, ziur Altuna III-Barriola zuekin batera sailkatuko direla. Orduan izango duzu leitzarraren aurka jokatzeko aukera.
[Barreak] Jakin behar zein kontu izango den orduan. Victor ondo ari da jokatzen, eta berarekin zer gertuko den ere ikusi beharko litzateke.


Kontua hori da. Zu geldirik egon arren, txapelketa ez dela gelditu. Zein sentsaziorekin ari zara jarraitzen?
Pena ematen dizu. Txapelketa bat daukazunean, nire kasuan gainera aurrekoa jokatzerik ez nuen izan, mimoz prestatzen duzu. Entrenamenduak ere datorrenari begira egiten dituzu. Eta gero, jokatu ez ahal izateak pena ematen dizu, gehienbat. Berriro, beste aukera bat galtzen ari zarenaren sentsazioa da. Baina ez dago ezer egiterik, hau horrela delako.


Agian burua ari da lan gehien egiten orain.
Ez, ondo nago. Alferrik da gauza hauei bueltak ematea. Gainera, beti eduki dut garbi lehenago edo beranduago gertatu egiten dela. Kiroletik bizi nahi baldin baduzu, badakizu hemendik pasatuko zarela. Bi lesio jarraian izan dira, eta horrek sortzen dizu zerbait, baina alde horretatik ondo nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!