«Jendeak zurekin abestea gauza ederra da, dagoen ederrena ziur aski»

Imanol Garcia Landa 2016ko abe. 1a, 10:53
Anari bere taldearekina riko da Alegiako Gaztetxeko kontzertuan.

Alegiako Kultura Batzordeak eta Gaztetxeak elkarlanean antolatu dute Anariren kontzertua. Kultura Batzordeak, udazkeneko kultur egitarauari begira eta Euskararen Egunarekin lotuz; gaztetxeak, bere urteurreneko egitarauaren barruan. Emanaldia bihar, ostirala, izango da, 22:30ean, gaztetxean. Sarrerak egunean bertan, kontzertuaren aurretik 6 eurotan salduko dira gaztetxean. Anariren emanaldiaren aurretik, beste ekitaldi bat hartuko du gaztetxeak: 21:00etan hasita, zahagi ardoa izango da.

Lehenengo aldia da Alegiako Gaztetxean izango zarena?

Ez da lehenengo aldia izango; gaztetan asko joaten ginen Alegiako kontzertuetara, BAP-eta ikustera. Ez da beraz lehenengo aldia bertan izango naizena, baina bai izango da lehenengo aldia gaztetxean joko dudana.

Esan daiteke, beraz, leku berezia dela zuretzat?

Leku berrietan jotzea, hainbeste denbora ibili ondoren, guretzat berezia da. Horregatik bakarrik berezia da. Gero, gaztetxearen urteurrenaren ekitaldien barruan egiten den emanaldia da, eta gaztetxearentzat ere berezia dela uste dut garai hori. Beraz, gustura goaz, egia esan.

Zer emanaldi eskainiko duzu?

Taldearekin joango naiz eta justu kontzertuak bat egingo du aste honetan aterako dugun lan batekin, azkeneko diskoari egindako epilogoa. Beraz, lehenengo kontzertua izango da azken lan hori atera berritan. Bost-sei kantu dituen lana da. Orain dela urte eta erdi ateratako diskoarekin lotzen dut. Gero, aurkezpen bira bat egingo dugu, baina Alegian ere joko ditugu kantu berri horiek. Beraz, guretzat ere berezia izango da kantu horiek jotzeko aukera izango dugulako.

Bakarrik zein taldearekin aritu izan zara agertokietan. Zein da ezberdintasuna zuretzat?

Bi formatuak asko gustatzen zaizkit. Nik kantuak bakarrik egiten ditut, eta kantuari eskatzen diot behin egin dudanean bakarrik mantendu egin behar dela. Behin kantua egin ondoren lokalera joaten naiz eta orduan lantzen dut kantua, baina atzean dagoen kantu biluzi horrek ere balio izan behar du. Askotan, unearen arabera, harrigarria da nola bakarrik zer indar hartu dezakeen abesti batek, agian talde osoarekin baino gehiago.

Bakarrik aritzeak beti du arrisku bat. Bakarrik jotzera joaten naizenean, beti jartzen naiz orain dela 20 urte bakarrik hasi zenaren parte batean. Beti du hasieraren puntu hori, herri batera joatea bakarrik, ez duzu jenderik ezagutzen... Orain errazago da orduan baino, normalean jendea etortzen baita eta kantuak ezagutzen ditu. Bakarrik oraindik ere gogorra egiten zait, baina ederra egiten zait ere. Neure ertzean jartzen nau horrek. Bi gauzak ederrak dira. Gero ere badago belaunaldi bat beraientzat ikaragarri gauza berria dena ni bakarrik jotzen entzutea. Aldiz, hasieratik ezagutzen nauenak, badaki hasieran bakarrik hasi nintzela. Batzuentzat nire parte zaharrena da nik bakarrik jotzea eta beste batzuentzat nire parte berriena da. Nahiko gauza kuriosoa eta polita da.

Kontzertuetan jendearen berotasuna jasotzea, jendeak zurekin abestea, berezia izango da, noski.

Jendeak zurekin abestea oso gauza ederra da, dagoen ederrena ziur asko. Zuk botatzen dituzu abestiak eta ez dakizu nora iristen diren. Jendeak kontzertuetan kantatzen dituenean, nolabait iritsi dira leku batera, bertatik pasa dira eta berriro zuregana bueltatzen dira, eta hori sekulakoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!