Irailaren 25ean egingo da Alegiako X. Artisau eta Nekazal Azoka Berezia

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 12a, 16:23

Postua jartzeko izena emateko epea zabalik dago irailaren 19ra arte. 

Hurrengo igandean, irailaren 25ean, egingo da Alegiako X. Artisau eta Nekazal Azoka Berezia, Alegiako Udaleko Kultura batzordeak antolatuta. 11:00etatik 14:00etara, bertaratzen direnek aukera izango dute Alegiako plazan eta inguruan jarriko diren hainbat postu ikusteko, baita postu horietan eskaintzen diren artisau edo nekazal produktuak erosteko ere.

Hamargarren edizioa da aurtengoa, eta urtetik urtera hazi egin den ekimena da. Alegiako nekazari eta artisauez gain, kanpotik etorritako ekoizleak ere izango dira azokan.

Azokan postua jarri nahi dutenek zabalik dute jada izena emateko epea, irailaren 19ra arte. Horretarako, Alegiako Kultur Etxera joan daitezke 10:00etatik 13:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, edo telefonoz deitu dezakete 943 65 46 98 zenbakira.

Postuetan erosketak egiten dituztenei txartel batzuk banatuko dizkiete zozketa batean parte hartzeko. Zozketa 13:00ean izango da, eta postu guztietako produktuak biltzen dituen sorta bat zozketatuko da. Eguraldi txarra izanez gero, Elorri pilotalekuan egingo da azoka. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!