Aurrekontu parte hartzaileen dirua, lau proiekturentzako

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 10a, 10:58
Alegiako Elizpe zinema aretoaren soinu azpiegituraren berritzea ordainduko da.

Alegiako kultur etxeko eta Elizpe zinema aretoko berrikuntzetarako erabiliko da, besteak beste, herritarrek hala erabakita.

Alegiako Udalak martxan jarritako Aurrekontu Parte Hartzaileen prozesuak bete du bere helburua. Herritarrek aukeratu dituzte udalak jarritako 30.000 euroekin 2016an zehar garatzea nahi duten proiektuak. Bigarren parte hartze bileran, herritarren ekarpenetatik bideragarriak zirenak aurkeztu ziren lehenik. Bakoitzari buruzko informazioa eta aurrekontuaren berri eman zen eta ondoren bileran elkartu ziren herritarrak izan ziren proiektu horien artean aukeraketa egin zutenak.

Gauzak horrela, Aurrekontu Parte Hartzaileen prozesura bideratutako diruaren zati bat Elizpe zinemako baliabideak hobetzeko erabiliko da. Soinu azpiegitura berria jarri da eta gastu horiek ordainduko dira. Bestetik, adineko pertsonentzako ariketak egiteko tresneria ezarriko da Kalebeherako parkean. Mota ezberdineko tresneria ezarriko da adineko pertsonek aisialdian ariketa fisikoa egin ahal izateko. Kultur etxeko instalakuntzen hobekuntzara bideratuko da diruaren beste zati bat. Udala urtez urte ari da instalakuntza horiek berritzen eta 2016ari begira hobekuntza horiekin jarraitzea adostu zen. Azkenik, Larraitz auzoko mendebaldeko zoladuraren egoera hobetuko da. Eremu horren egoera eskasaren berri eman zen ekarpen batean eta herritarrek berau hobetzeko erabakia hartu zuten.

Alegiako Udalak proiektu horiek gauzatzeko konpromisoa berresten du eta prozesuan ekarpenak eginez eta bileretara joanez parte hartu duten herritarrei eskerrak eman nahi dizkie, beraien jarrera eta prestutasunagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!