Erabakia hartzeko txanda iritsi zaie alegiarrei

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 24a, 11:15
Iazko Aurrekontu Parte Hartzaileen prozesuan egindako eskaeretako bat izan zen Bideberrietako eremua egokitzea.

Aurrekontu parte hartzaileen bigarren bilera egingo dute, gaur, udaletxeko bilkura aretoan.


Alegiako Udalak 2016ko Aurrekontu Parte Hartzaileen prozesuko bigarren bilera egingo du gaur, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Herritarren eskura 30.000 euro jartzea erabaki zuen udalak aurten ere eta urrian zehar jaso ziren herritarren ekarpenak. Ekarpen horien bideragarritasun teknikoa aztertzen aritu da udala azken aste hauetan eta behin lan horiek amaituta, herritarrei azterketa horien ondorioak aurkeztuko zaizkie bileran.

Jasotako ekarpenetatik bideragarriak zein diren azalduko da eta behin hori eginda, bileran parte hartzen duten herritarrek lehentasunen zerrenda bat adostu beharko dute, eskura duten dirua zein proiektutan eta zein lehentasunekin erabili erabakitzeko. Jaso diren ekarpenen gaiak anitzak dira: estalpe bat jartzea; osasun zentrora igotzeko igogailua; herriaren garbitasunarekin lotuta, zenbait edukiontzi aldatzea eta erreka bazterrak garbitzea; erretirodunak ariketak egiteko aparailuak jartzea parke batean; herriko auzune batean gune bat berreskuratzea; kultur etxean berrikuntza batzuk egitea; Larraitz auzoaren urbanizazioa hobetzea; hainbat ibilbide egin eta antolatzea; musika lokalak jartzea eta zinema zaharrerako materialak.

Unai Iraolak azaldu duenez, aurrekontu parte hartzaileen egitasmoarekin «udalaren lan jarduera herritarren beharrekin ahal den lotuena joatea» ahalbidetzen du. «Lehengo urtean jasotako ekarpen guztiei aurre egiteko ez dira nahikoa 30.000 euro, baina ekarpen horiek urtean zehar egin beharreko inbertsioetarako nolabaiteko gida suposatzen dute. Egitasmo honekin lehentasunak zehazten dira».

Iraolak gaineratu duenez, «ariketa bezala ondo dago egitasmo hau, eta pixkana joan behar gara. Herritarrak ez gaude ohituta horrelako ariketak egitera. Urtero egiteko borondatea dugu, interesgarria delako, eta errepikatzeko modukoa». Alkateak eskertu du jendearen parte hartzea eta herritar guztiak animatu ditu gaurko bilerara joatera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!