ataria.eus

Jon Aranburu: «Behetik gorako informazioan sinesten dugu"

  gizartea  Alegia

Duela hamabost urte sortu zen Arrosa irrati sarea, euskarazko irrati txikien eta ez hain txikien arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin; gaur egun Euskal Herriko leku desberdinetako 21 irrati dira sarekide, eta kopuru hori handitzea dute xede. Jon Aranburu alegiarra da koordinatzailea.

Tolosaldeko Ataria-ko lantaldeak ekoizten dituen Pasahitza magazina, Entzuteko jaioak musika saioa eta Eutsi goiari kirol saioa eskaintzen ditu gaur egun goizero Ataria irratia-k, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etarako ordutegian. Eta 21:00etatik 22:00etara, asteazkenetan, Ataria Iluneko ardi beltzak saioa.

Aurrera begira, eskaintza zabaltzeko helburu garbia du Ataria-k, bai barneko ekoizpenaren bitartez, bai eta herritarrei ateak zabalduz ere, norbanakoek, elkarteek edota erakundeek euren ahotsa zabaltzeko aukera izan dezaten. Era berean, eskaintza handitzeko beste bidea Arrosa sarearen bitartez ari da gauzatzen Ataria irratia. Izan ere, Arrosako kide izateari esker Zebrabidea magazina ari da eskaintzen, irailaz geroztik, arratsaldero, 16:00etatik 18:00etara. Jon Aranburu alegiarra da Arrosa sareko koordinatzailea, eta berak azaldu moduan, euskarazko irrati txikien saretzea da sarearen egiteko nagusia.

Zer da Arrosa Sarea?
Duela 14-15 urte sortu zen sarea da. Bertan Euskal Herriko irratiak biltzen gara, irrati txikiak eta euskaraz aritzen garenak. Askotariko irratiak gaude: udal irratiak, irrati libreak, herri irratiak, eskualdeko edo nazio mailako ikuspegia dutenak... Herri edo hiri mailakoetan, esaterako, Hala Bedi Gasteizko irratia edo Bilbo Hiria leudeke, eskualdekoen artean, Ataria irratia kokatuko litzateke, eta nazio mailakoetan dago, Info7 irratia.

Arrosa Sarea hutsune bat bete asmoz sortu al zen?
Batez ere, saretzeko helburuz sortu zen, sare bat egiteko xedearekin. Irratiak bere kasa aritzen ziren, zituzten baliabide txiki eta murritzekin, horrek zituen zailtasunekin. Arrosa sarea irratiak elkarlanean aritu eta baliabideak elkartrukatzeko tresna moduan sortu zen. Irrati txiki batean aritzen diren pertsonek programazio oso bat betetzeko lan handia egin beharra izaten dute, baina, irratiak batuz gero, eta guztien artean irratsaioak elkartrukatuz, lana asko arindu daiteke, emaitza handiagoa izanik. Asmo horrekin sortu zen eta asmo horrekin jarraitzen du Arrosa sareak.

Horrela lortu daiteke, esaterako, komunikabide handien parean jartzea?
Ez dakit aurre egitea den gakoa, baina, bai behintzat presentzia lortzea edo bermatzea. Irratiok gehienetan hain gara txikiak, askotan komunikabide bezala ere bigarren mailako moduan ikusten gaituztela. Presentzia hori, ikusaraztea, gainera, gurea bezalakoa den hizkuntza gutxitu batekin lan egiten dutenentzat komenigarria da. Euskaraz lan egiten dugun komunikabideok badugu txiki izatearen ezaugarri hori, eta elkarlanean aritzeak babes edo indar hori ere ematen du.

Zenbat irrati daude une honetan sarearen barruan?
21 irrati daude Arrosa sarearen barruan. Batzuen parte hartzea handiagoa da, beste batzuekin alderatuz. Hori ere irrati bakoitzaren ezaugarrien eta ekoizpenaren araberakoa da.

Euskal Herriko txoko guztietako kideak al daude?
Esan daiteke Euskal Herriko herrialde guztietatik daukagula ordezkaritza Arrosa sarean. Zuberoko Xiberoko Boza, Nafarroako Eguzki irratia edo Irati irratia, edo Hala Bedi Araban, edo Aiaraldea, eta Bizkaian, Bilbo Hiria irratia. Gipuzkoan ere irrati ugari daude. Beraz, eta guk askotan esan izan dugu hori, Arrosa sareko irratiok aldi berean zerbait emititzen dugunean ia-ia Euskal Herri guztian entzuten dela. Eta hori, guk dakigula behintzat oso komunikabide gutxik lortzen dute. Beraz, gure txikitasunean ere, harro egoteko moduan gara.

Arrosa sareko koordinatzaile moduan, zein da zure egitekoa?
Irratien arteko saretzea bultzatzea dago nire zereginen artean. Sarekide ez diren irrati dezente daude eta pixkanaka horiek guztiak saretzen joatea da nire asmoa. Era berean, sarean dauden irratien beharrak eta zalantzak erantzutea ere badago nire zereginen artean.

Irrati handiagoen edota txikiagoen errealitatea ezagutuko duzu bertatik bertara.
Irrati bateko egoerak bestearekin, askotan, ez du ia zerikusirik. Adibide pare bat jartze aldera, Kontrako Eztarrixe irratia, Azkoitian sortu zena duela hiru bat urte, Arrosa sareko jardunaldi batzuetatik sortu zen, eta oraintsu hasi dira martxan. Hori guztia, borondatezko lanarekin. Beste alde batetik, Info 7 irratia egon daiteke. Langileak daude bertan, profesionalak. Beste kutsu bateko irratia da eta beste errealitate desberdin bat du. Hauen guztien artean Arrosa Sareak egiten du nolabaiteko bitartekaritza edo lankidetza funtzioa.

Arrosa sarearen emaitzetako bat arratsaldeko 'Zebrabidea' magazina da, irratien arteko elkarlanaren adibide.
Zebrabideak urte batzuk daramatza abian, 10 urtetik gora, hain justu. Hala Bedi irratian, Gasteizen hasi zen. Bere garaian, Hala Bedirako bakarrik emititzen zen, baina pixkanaka-pixkanaka beste irratiekin elkarlanean hasi ginen. Azkenean, erabaki zen Arrosa sareak hartzea irratsaioaren ardura eta sareak ekoiztea guztia. Hau da, Arrosa sarean eskaintzen dugu, eta bertako irratiek har dezakete seinalea aldi berean eta euren uhinetan zabaldu. Ia sareko irrati guztiek hartzen dute parte gaur egun.

Komunikabide txikientzat, eta bereziki euskarazkoentzat ez dira garai onak, eta asko ixten ari direla ere ari gara ikusten, beraz, Arrosarena moduko elkarlana are eta garrantzitsuagoa da gaur egun. Euskarazko irratiak bermatzeak eta sustatzeak zer garrantzi du?
Handia. Informazioa askotan iturri bakar batetik edaten den kontua izaten da, eta hor sartzen da, esaterako, komunikabide handien joera eta duten informazio hegemonia hori. Goitik beherakoan baino behetik gorako informazioan sinesten dugun irratiak gara Arrosa sarean gaudenak. Batez ere, herri mailatik abiatuta, txikitasunetik informazioa zabaltzea da gure helburua. Azken batean, informazioaren hegemonia horretan kolore gehiago jartzea nahi dugu.

Irrati batek Arrosa sareko kide izan nahiko balu zer egin behar du?
Sarean parte hartu hartzeko informazio guztia arrosasarea.eus webgunean topatuko du. Bestela, arrosa@arrosasarea.org helbidera ere idatzi daiteke gurekin harremanetan jartzeko, eta gustura asko hartuko dugu. Laster, gainera, aukera polita izango da sarearen kide izan, eta gainerako irratietako kideak eta euren errealitatea ezagutzeko. Izan ere, martxoaren 7an Arrosa sareak jardunaldiak antolatu ditu, hainbat tailer eta solasaldirekin, eta tartean kontzertuak ere bai, Anestesia taldea eta guzti. Hau guztia Bilboko Kafe Antzokian izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa