Elkartasun Baserri Azoka, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 29a, 11:58

Albizturko eskolak antolatu du ekitaldia, gurasoen parte hartzearekin. Eskolan garatzen ari diren Amalurra proiektuaren barruan egingo dute azoka.

Larunbat honetan, abenduaren 3an, azoka berezi bat egingo dute Albizturren, bertako eskolak bultzatuta: Elkartasun Baserri Azoka. Isabel Lakuntza Arregi eskolako zuzendariak azaldu duenez, «egitasmoa sortu da eskolako eguneroko lanetik. Ikasturtero pentsatzen dugu ikasleekin zer proiektutan ariko garen, ikasleak bere gaitasunak-eta nondik lortuko dituen. Aurten Amalurra proiektua jarri dugu martxan, eta hiru azoka egingo ditugu». Helburua hiruhilabetero azoka bat antolatzea da. Lehenengoa baserri azoka izango da, bigarrengoa artisau azoka eta bestea arte azoka.

Lehenengo hiruhilabeteko honetan eskolako baratzean lanketa egiten aritu dira, baserria eta animalien gaia lantzen, eta iritsi da unea azoka martxan jartzeko. «Gurasoekin hitz egin da, beti ere beraien babes handia izaten dugulako horrelako ekintzetarako, eta beraien parte hartzea ere izaten dugulako», azaldu du Lakuntza Arregik. «Larunbata egun aproposa iruditu zitzaigun, jende gehiago etortzeko aukera izango delako, eta Euskararen Eguna izanik, egun polita iruditu zitzaigun ere horretarako». 11:00etatik 13:00etara izango da azoka, eta plazan izango da eguraldi ona egiten badu, bestela frontoian jarriko dituzte postuak.

Ikasturte honetan baratzea zabaldu egin dute. «Aurretik lorategi bat genuen eta hor zenbait gauzatxo egiten genituen. Arrosa artean babarrunak jartzen genituen, inguruko amona bat lagun genuela», esan du Lakuntza Arregik. «Beti pentsatu izan dugu baratze handiago bat izatea polita izango zela, eta frontoiaren ondoan eta atzealdean, gurasoen laguntzaz baita ere dagoen lursailean sartu genuen lurra eta hor ari gara lanean». Oraingoz landaketak egin dituzte eta ikusten ari dira hemengo haziak zein diren, historian zehar zein hazi mantendu diren, landaketa ezberdinak... Baratzearen inguruan dauden hainbat gai jorratu nahi dituzte. «Egia esateko, martxan jarri dugu eta oso gustura ari gara», esan du eskolako zuzendariak.

Eskolako baratzeko produktuak ez dituzte salgai jarriko larunbatean. «Guk landatutako produktuak jarri nahi genituen, baina ez da posible izango. Bere denbora behar dute», esan du Lakuntza Arregik. «Orduan, herritarrek eramango dute ahal dutena: barazkiak, patata tortillak,...». Sukaldaritza tailerrean irasagarra egin dute, piperrak botetan sartu, ikasten ari dira ere taloak egiten... Larunbateko azokan ere, adibidez, taloak egin eta salduko dituzte. «Gu hemen ari gara ahal duguna egiten, eta etxeetatik azokara ekarriko dutena zehazten ari gara», argitu du zuzendariak. «Hemengo lana ere izango da postuak antolatzea, prezioak jartzea, eta hori dena antolatzen ari gara orain». Ikasleak «oso gustura eta ilusioz» ari direla dena prestatzen gaineratu du, eta gurasoei ere ikusten zaie «gogotsu daudela ahal dutenean lagundu eta parte hartzeko».

Izenak dioen moduan, elkartasun azoka ere izango da eta larunbatean ateratzen den dirua Baltistan Fundaziora bideratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!