Indarberrituta ekin nahian

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 27a, 09:44

Adunan dagoen Asvinenea, arte eszenikoen hedapenerako gunea kudeatzen duen taldeak laguntza eskatu du

Egoera hausnartu eta euren indarrak neurtu ondoren, Asvineneako kudeaketa taldeak ezinezkotzat jo du espazioaren kudeaketarekin jarraitzea. Iraitz Lizarraga zizurkildarrak talde horretan hartzen du parte eta adierazi duenez, «inflexio puntu» batera iritsi dira. «Aldaketa beharra ikusten dugu, espazioak aire berriak behar ditu eta ez dugu geure baitara bilduta geratu nahi».

Uste dute, indar berriak batu eta Asvinenea «irekitzeko» orain dela momentua. Horregatik proposamen eta ideia berriak dituenak kudeaketa taldeko kideekin harremanetan jartzea besterik ez du, aurrez aurre, edo bestela asvinenea@gmail.com helbidean. «Egia esan, jende askok hots egin digu informazio eske eta zein aukera dauden galdetuz. Harrituta gaude SOS Avinenea oharra kaleratu ondoren piztu den interesarekin».

Martxoaren 1era arteko epea jarri dute proposamenak jasotzeko eta epe horretan egitasmo berririk bururatuko ez balitz espazioarekin zer egin ez dute erabaki oraindik. «Leku magiko bat da Asvinenea eta ez dugu itxi nahi, hori da kontua». Ideia berriak dituen jende berria gerturatuko denaren esperantza badu Lizarragak: «Azken sei urte hauetan gu aritu gara tiraka eta orain laguntza eske gatoz. Prest gaude lanean jarraitzeko baina indarberritu nahi dugu».

Kudeaketa eredu propioa

Irabazi asmorik gabeko elkarte batek kudeatzen du Asvinenea duela 15 urtetik hona. Gaur egun, 20 bazkide inguru dira eta haiek ordaintzen duten kuotarekin sostengatzen da, nagusiki, arte eszenikoen espazioa. Bazkideen artean bospasei lagunez osatutako taldeak du elkartea kudeatzeko ardura. Tartean ibiltzen da Lizarraga eta adierazi duenez talde ezberdinetan antolatzen dituzte lanak: «Mantenuaz arduratzen den talde bat dago, beste batek diru kontuak eramaten ditu eta difusioan jarduten dugu beste batzuk».

Bakanak dira Asvinenea bezalako espazioak Gipuzkoan. Donostian dagoen eta zirku munduari eskainitako Ilargi Berdea gunea ezagutzen du Lizarragak. «Bilbo aldean ere, Zorrozaurre ingurune horretan, badaude sormen fabrikak eta hor udalak hartzen du parte. Gune autogestionatu eta okupatuetan ere bideratu dira arte eszenikoaren ingurukoak». Horrelako espazioetan eta Asvinenean egiten den lana konparagarria izan arren, beste eredu bati jarraitu diote urte hauetan.

Adunako Zubitxiki poligonoko pabiloi batean dago kokatuta arte eszenikoen hedapenerako gunea eta elkarteak eraikinaren alokairua ordaintzen du hilero. «Duela 15 urte hemen sartu zirenek izugarrizko lana egin eta pabiloi hau egokitzen: badu antzoki txiki bat, musika ekipoa, argia, sukaldea, kamerinoak, logela bat, komunak eta dekorazio ederra».

Ez dago herri erdian baina hori ez da eragozpena Lizarragaren ustez, «kokaguneak beste aukera batzuk ematen baititu». Urte hauetan, izan dira egonaldiak egin izan dituzten antzerki taldeak, «eta nolabait isolatuta eman nahi baduzu, toki aproposa da horretarako». Ez ditu, hala ere, urrun Aduna, Andoain eta Zizurkilgo herri guneak.

Barrutik eta kanpotik

Eskualdeko herritarrek ezaguna dute Asvineneak urte hauetan egin duen kultur eskaintza baina oharkabean pasatzen da, askotan, eraikinaren barruan garatzen den dinamika. Zirku diziplinak entrenatzeko toki bat da eta eskaini izan dira bertan dantza afrikar ikastaroak, antzerki tailerrak eta clown saioak. «Zailagoa da egunero-egunero entrenatzera eta entseatzera datorren jende multzo bat biltzea. Aukera hori hor dagoela ere jakinarazi nahi diogu jendeari», esan du Lizarragak.

Gainerakoan, antzerki saioak, zirku emanaldiak eta kontzertuak programatu izan dituzte Asvinenean azken sei urteetan eta hilean behin, Kbareta izeneko ekimena gauzatu dute, arrakastaz. Oso sonatua izan zen bere garaian antolatzen zuten Poltsiko Antzerki lehiaketa eta Euskal Herri osoko talde eta bakarlariek hartu izan zuten parte bertan.

Batzuetan aktibitate gehiagorekin beste batzuetan gutxiagorekin, baina beti egon da martxan aretoa. «Sinesten dugu Asvinenean eta zoragarria iruditzen zaigu. Ez genuke alperrik galtzen utzi behar arte eszenikoak garatzeko espazio honek ematen duen aukera».

Euren indarrak erabat agortu aurretik ideia berriekin aberastu nahi dute proiektua kudeaketa taldekoek, Asvineneak, gutxienez, beste 15 urte bete ditzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!