Aiztondoko maskaradaren inguruko hitzaldia gaur

Jon Miranda 2016ko aza. 17a, 13:32

Adunako Kultur Astearen barruan antolatu dute ekitaldia eta horrekin batera, energia azoka izango da gaur herriko plazan eta frontoian.

2017ko apirilaren 30ean Aiztondo bailaran Maskarada jokatuko da. Goizean, herriz herri barrikada izeneko ekitaldia egingo dute etxe atarietan eta arratsaldean, Larraulgo plazan izango da ekitaldi nagusia.

Antolatzaileek ekimen parte hartzailea izatea nahi dute, herrikoia. Eskualdeko dantza taldeak batu nahi dituzte ekimenera eta Aiztondoko eskolen parte hartzea ere bilatuko dute. Zuberoan Maskarada antolatzen duten herritarrekin ere jarri dira harremanetan eta erantzun positiboa jaso dute. Haiek ere parte hartuko dute Maskaradan eta apirilaren 30ean Zuberoatik hainbat lagun etorriko dira.

Ekimena prestatzeko, ordea, eta Maskarada ezagutzera emateko lehen ekimenak egingo dituzte Aiztondo bailaran. Gaur Adunako Kultur Astearen barruan, Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoa eta Johanes Etxebeste dantzari zuberotarra izango dira azalpenak ematen 19:30ean hasita kultur aretoan. Astelehenean, azaroak 21, Larraulgo Kultur Astearen barruan errepikatuko dute hizlariek eta Zuberoako maskaraden zentzua eta bertan azaltzen diren pertsonaiak azalduko dituzte.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, Adunan batzar berezia antolatu dute antolaketan parte hartu nahi dutenentzat. Gaia prestatzen joateko balioko du hitzorduak.

IGANDERA ARTEKO EKITALDIAK

Gaurko hitzaldiaren aurretik, Adunan, Piztu Tolosaldea ekimenaren barruan energia azoka egingo da, 16:00etatik aurrera.

Astelehenean abiatu zen kultur astea eta asteartean, ipuin kontaketa saioa izan zen Adunako liburutegian 6 eta 9 urte arteko umeentzat. Beldurrezko kontuak kontatu zituzten. Jarraian, Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena egin zuten kultur aretoan. Atzo, ekimenekin jarraitzeko, Aiztondoko Denbora Bankuaren aurkezpena egin zuten arratsaldez.

Bihar, Den dena niretzat antzerkia eskainiko du Behibis konpainiak Elordi plazako lokalean, 19:00etan eta 21:00etan, berriz, Txulobi elkartean Euskal Herriko Mus Txapelketako Adunako kanporaketa jokatuko da.

Larunbatean egun osoko festa izango da Adunan. Garagardoa nola egin azalduko du Joxe Mari Sardonek Txulobi elkartean eta ondoren, eguerdian, Aiztondoko kantu-jira taldea aterako da. Bazkalostean ume jolasak izango dira eta gauean, 22:00etan Bitartean Bidean taldearen kontzertua elizan.

Igandean egun-pasa aterako dira adunarrak. Oiartzun eta Astigarraga bisitatuko dituzte eta Iretza sagardotegian egingo dute bazkaria.

Erlazionatuak

Adunako kultur astearen egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2016 aza 17 Aduna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!