«Hau aurrera aterako da, ez dut dudarik»

Imanol Garcia Landa 2016ko uzt. 15a, 09:00
Argitxu Zabala, janari dendaren mostradorearen ondoan.

Argitxu Zabalak janari denda zabaldu du herrian, eta baikorra da egitasmoak izango duen etorkizunarekin.

Aurreko urteko maiatzean jarri zen kontaktuan Argitxu Zabala herriko alkatearekin. Abaltzisketan janari denda bat jartzeko asmoa azaldu zion. «Udalean ikaragarri gustatu zitzaien eta hortik abiatu zen, baina ederki kostatu da martxan jartzea». Hornitzaileekin izan du arazoa: «Ez da batere erraza izan. Badaude hornitzaile batzuk hona ez direnak etortzen, eta arazoak hortik izan ditut. Baina erraza ez da ezer izaten eta honek ere bere koskak izan ditu».

Udalaren lokal batean dago denda, eta egokitzapen lanak udalaren esku izan dira, horretarako diru laguntzak jaso dituelarik. Dendarako baldak eta hozkailuak Zabalak jarri ditu, eta Erein programatik horientzako diru laguntzak onartu zain dago. Lehenengo urtean udalak ez dio errentarik kobratuko, ikusteko nola doan egitasmoa, eta hortik aurrera errenta bat jarriko da.

Xabala izena jarri dio dendari: «Aitari horrela deitzen zioten, eta horregatik aukeratu dut izena». Dendak martxoan zabaldu zituen ateak. «Horrelako denda bat irekitzeak bere onurak ditu Abaltzisketa bezalako herri batentzat, baina jendea oraindik gehiago joaten da komertzio handietara erosketak egitera. Hala ere, ez dut dudarik hau aurrera aterako dela eta jendeak hemen egingo dituela erosketak».

Supermerkatu txiki baten itxura du dendak. Uvescok hornitzen dizkio produktuak, Ekoereinek produktu ekologikoak, fruta bila Lasartera joaten da, eta inguruko produktuak ere baditu: bertako artzainen gaztak, Orendaingo Larreta esnekiak eta Leaburuko Mahalako produktuak. Horrez gain, zenbait erreminta ere salgai ditu. Beheko kalean dago denda, udaletxearen atzeko kalean. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan goizean ordutegi berdina eta arratsaldetan 17:00etatik 20:00etara zabaltzen du.

Herenegun arratsaldean izan zen inaugurazio ekitaldi ofiziala, eta hori prestatzen lagundu diotenei zein bertara agertutako herritarrei eskerrak eman dizkio Zabalak. «Egunerokoan Jaionek eta Itxasok asko laguntzen didate eta eskerrak eman nahi dizkiet beraiei. Eta eskerrik beroenak nire amari eta Jabi senarrari hau dena martxan jartzen laguntzeagatik, beraiek gabe ez zen bestela posible izango. Egunero daude hor laguntzeko eta babesa emateko».

Apustua egi bihurtzeko bultzada

Abaltzisketako Xabala dendak bere martxa hartuta du, baina gonbidatuen agendak medio, herenegun arratsaldean egin zen inaugurazio ofiziala. Hainbat herritar elkartu ziren, eta udal ordezkariez gain, Bittor Oroz, Nekazaritzako sailburuordea; Iñaki Labaka, aldundiko Lurralde Orekako zuzendaria; Iker Karrera, Tolomendiko teknikaria; Migel Lozano Haziko teknikaria; eta Francisco Sanchez, Uvescoren Tradizionaleko departamentuaren zuzendaria izan ziren. Jon Zubizarreta Abaltzisketa alkateak azaldu zuenez, «guk beti nahi izan duguna da herria lotarako bakarrik ez izatea, bertan bizi eta gozatzea ere bai, eta hori egiteko zerbitzuak behar ditugu. Eta hori dena baldin bada lanpostu bat sortuta eta denok onura bat izateko aukerarekin, horrek betetzen nau alkate bezala».

Industria aldetik Abaltzisketa mugatuta dagoela esan du Zubizarretak, eta lehenengo sektorean eta zerbitzuengan jarri behar dela begirada. Egitasmoak aurrera ateratzeko prozesuak luzeak izaten direla dio, baina azkenean aurrera ateratzen direla: «Mahaiaren bueltan inauguraziora gonbidatu ditugun erakundeak egonik, azkenerako bere emaitzak ematen ditu». Egitasmoa «apustu bat» dela ekarri du gogora, bi ardatz dituena: «Batetik, Argitxu berak ahal duen zerbitzu onena ematea, eta bestetik, herritarrak inplikatzea bertan kontsumituz».

Bittor Oroz sailburuorde bezala izan zen inaugurazioan, baina ideia sortu zenean Itsasmendikoi eta Haziko teknikaria zen, eta berak mahai gainean jarritako ideia izan zen. Orozek azaldu zuenez, «eskerrak jasotzea baino zoriontzea tokatzen zaigu gaur. Horrelako denda eta zerbitzu bat ezinbestekoa da: batetik zerbitzu bat eskaintzen diolako herriko jendeari eta bertako bizi kalitatea igotzen duelako; bestetik, gizarte bateratu bat izateko aukera handiagoa ematen du, jendeari aukera ematen baitio elkarrekin egoteko. Bere aldetik, Iñaki Labakak azaldu zuenez, «gure zuzendaritzatik bultzatu nahi dugu herri txikietan ere azpiegitura eta zerbitzu integralak izatea. Horrelako proiektuek enkaje osoa dute hor: alde batetik herritarrei eta bertara etortzen direnei zerbitzu bat eskaintzen dielako, eta bestetik lanpostu bat sortu duelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!